Beti Gazte elkarteak Lesakako III. Mendi Lasterketa bertan behera uzteko erabakia hartu du

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 24a, 07:00
Joan den urtean Lesakako II. Mendi Lasterketan garaile suertatu zen Hodei Lujanbio goizuetarra Frain mendian goiti. Aurten ez da halako irudirik izanen.

Martxoaren 6rako prestatzen ari zen, baina «Nafarroako Gobernuak ezarritako neurri murriztaileak direla eta» ez da egiterik izanen

Nafarroako Gobernuak ezarrita dituen neurri murriztaileak direla eta, Beti Gazte elkarteak martxoaren 6rako prestatzen ari zen Lesakako III. Mendi Lasterketa bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan du.

Beti Gazte elkartearen zuzendaritza batzordeko oharrak dioenez, «une honetan, Nafarroako Gobernuak ezarritako neurriak direla eta ekimena guri gustatuko litzaigukeen modura gauzatzea ezinezkoa dela ikusten dugu». Izan ere, Beti Gazteren arabera, «Lesakako Mendi Lasterketa ez da kirol proba bat soilik, kirolariak ezagutzeko, Lesakako mendiak bisitatzeko eta kirola abiapuntu izanik herri giro ederra sortzeko egun berezia da».

Beti Gazte elkarteko zuzendaritza batzordearen erranetan, «ilusioz eta gogoz bizitzen dugun eguna dela kontuam izanik ez da erabaki erraza izan, baina egoerak ez du ohiko ospakizunetarako aukera ematen. Hurrengo urtean oraindik gogo gehiagorekin antolatuko dugu Lesakako Mendi Lasterketa!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun