Beti Gazteko emakumeek eta gizasemeek irabazi dituzte Nafarroako sokatira txapelketako lehen txapelak

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 22a, 10:00

Emakumeak nagusitasunez gailendu ziren baina gizonezkoek lana gogotik egin behar izan zuten Txantrea B menperatzeko

Beti Gazteko emakumezkoen eta gizonezkoen sokatira taldeek irabazi zituzten larunbatean Lesakako pilotalekuko «burbuilan» jokatutako Nafarroako txapelketako lehen bi txapelak.

Bi txapelketak seinaka jokatu dituzte. Emakumezkoetan (375 kilo), nagusitasunez gailendu zen Lesakako taldea eta tiraldi guztiak bereganatu zituen. Gibeletik sailkatu ziren Txantrea, Berriozar eta Antsoain. Seikote irabazlean, Aitziber eta Irantzu Goienetxe ahizpak, Maialen Lopez, Ane Gurrutxaga, Arritxu Muxika eta Ainhoa Ubiria aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile eta María Yanci laguntzaile zutela.

Gizonezkoetan (450 kilo) Beti Gaztek lana gogotik egin behar izan zuen, batez ere Txantrea B talde indartsua menperatzeko. Bi talde hauek gainerako guztiei nahiko erraz irabazi zieten ligaxkan eta beraien artekoan, bana irabazi zuten: lehenbizikoa Beti Gaztek irabazi zuen eta bigarrena Txantreak, etxeko taldearen faltengatik. Gainera, bigarren tiraldi honetan, min hartu zuen Beñat Ordoki tiralariak. Ligaxka bukatuta bi taldeek hamarna puntu zituztenez, kitarakoa jokatu behar izan zuten eta hemen ere, lehen tiraldia etxekoek bereganatu bazuten ere, bigarrena Txantreakoentzat izan zen. Beraz, desenpaterako azken tiraldia egin behar izan zuten, bi taldeak leher eginda zeudela, eta azkena Beti Gaztek irabazi zuen. Beraz, txapela lesakarrentzat izan zen, Txantrea B bigarren, Txantrea A hirugarren, Berriozar laugarren eta Antsoain bosgarren. Seikote txapeldunean Beñardo Iantzi, Ander Mitxelena, Iñigo Altzugarai, Beñat Ordoki (Eneko Saldias), Unai Gurrutxaga eta Paskual Taberna aritu ziren, Eneko Saldias entrenatzailea zela. Azken tiraldietan Saldias sartu zen tiran eta Joxe Angel Mitxelenak egin zuen entrenatzaile lanak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun