Miren Etxepeteleku San Julian

«Mozorroa prestatzeko prozesuarekin aunitz disfrutatzen dut»

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 27a, 10:00

Miren ETXEPETELEKU SAN JULIAN, Lesakako inauteri-zalea

Ttiki-ttikitatik Lesakako inauterietan parte hartzen duen neska gaztea da Miren. Urte anitzez, mairuekin, zakuzaharrekin zein fraindarrekin atera izan da.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Saltsa guztietan ibiltzen den Lesakako neska gaztea.

Zein dira zure zaletasunak?

Dantzatzea aunitz gustatzen zait, baino, batez ere, familia eta lagun artean denbora pasatzea.

Noiztik parte hartzen duzu Lesakako inauterietan?

Ttiki ttikitatik, gurasoak hagitz inauteri-zaleak izan dira. Hasieran ikastolarekin ateratzen nintzen eta pixka bat koskortzean kuadrillakoekin.

Zein mozorro janzten duzu?

Mozorro gehienetan ibili naiz. Urte gehienetan mairuz jantzi baldin banaiz ere, lehengo urtean zakuzahar ibili nintzen lehenbizikoz. Bertzalde, urte batzuk daramatzat inauterietako astelehenean fraindarrekin ateratzen.

Zer dira mozorro hauek?

Zakuzaharren oinarria, izenak erraten duen bezala, zaku zaharrak dira: hankatan bana paratzen dugu eta enborrean bertze bat, belar idorrez betea.  Aurpegian zapi xuria, lepoan koadrozko zapia, buruan lastozko zapela eta eskuan pizontzia. Mairuen arropa oihal zati koloretsuekin egiten da. Fraindarrez ateratzeko berriz, galtza xuriak, blusa beltza eta boneta berdea janzten dugu.

Mozorroak erosten dituzue?

Normalean gu egiten saiatzen gara, etxeko gauzekin edo ingurukoei eskatuz. Mozorroa prestatzeko prozesua ere polita da eta aunitz disfrutatzen dut.

Zenbat denbora lehenago hasten zarete antolaketa lanetan?

Mozorroaren arabera. Zakuzaharren bilera aste pare bat lehenago antolatzen du Arrano elkarteak. Beraiek arduratzen dira zakuak, pixontziak, belarra eta josteko materiala banatzeaz eta zerrenda osatzeaz. Fraindarrak ere pare bat aste lehenago biltzen gara taldeak eta lanak banatzeko.

Zer da gehien gustatzen zaizuna?

Zaila da egun bat aukeratzea, igandea eta astelehena aunitz disfrutatzen ditut eta asteartea ere berezia da.

Eta gutxien?

Hurrengo eguneko buruko mina.

Zerk egiten ditu bereziak Lesakako inauteriak?

Ohitura aunitz biltzen dituzte Lesakako inauteriek: arrautze-arrautze, Mairu eta zakuzaharrak, goitarrak, fraindarrak... Ohitura horien inguruan bildu eta sortzen den herri giroa hagitz polita eta berezia da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun