'Txomin eta Txistuman deskontzertuan' kontzertu didaktikoa eskainiko dute larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 25a, 07:00

Ekitaldia familia guztiarentzako izanen da eta bertaratuek Euskal Herriko eta munduko instrumentu tradizionalei buruzko kontzertu xelebreaz gozatzeko aukera izanen dute. Sarrerak aitzinetik Agara prentsan hiru euroren truke eskura daitezke.

Ricardo Baroja eskolako guraso elkarteak, udalaren eta kultur batzordearen laguntzarekin, otsailaren 27an, larunbatean, kontzertu didaktikoa antolatu du.Hitzordua 18:30ean kultur etxean adostu dute.

Deskontzertua

Kultura, aisialdi eta entretenimendu esparruan sortua, antzerki formatuko kontzertu didaktiko honen helburua euskal instrumentu tradizionalak ezagutaraztea da, munduko bertze kultura batzuetako instrumentuak ezagutzeko eta entzuteko aukera emateaz batera.

Ikuskizunean, azalpenak eta bitxikeriak kontatuko dira gure tresna tradizionalen jatorriaz, osagarriez eta funtzionamenduaz, bai eta mundu zabalean dauden familia bereko instrumentuei buruz ere.

Ikusleak era dibertigarri, hezigarri eta original batean instrumentuetara hurreratzeko asmoz, musika teknologia berriak ere erabiliko dira, musikari bakar batek 25 instrumentu baino gehiago joko ditu, eta zuzenean abestiak sortuko ditu, sarritan publikoaren laguntzarekin.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun