Edukiontzi marroiak paratuko dituzte Beran hondakin organikoa biltzeko sistema hobetzeko

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 19a, 15:00

Otsailaren 17ko osoko bilkuran Berako Udalak aho batez onartu zuen hondakin organikoa biltzeko sistema mistoa. Horrela, egun dauden konpost-guneak edukiontzi marroiekin osatuko dituzte.

Berako Udalak jakitera eman duenez, egun «hondakin organikoaren %27 bakarrik bereizten da, izen-emandako jende kopuruaren arabera». 2012 .urtea geroztik herrian «auzo-konpostaren hautua» egin zen eta hori izan da «orain arte jarraitutako sistema». Udaletik adierazi dutenez «Bortzirietako bertze herrietan %50 inguru bereizten da». Datu hauek erreferentzia gisa harturik 2021ean Beran «maila horretara iritsi» beharko lirateke, aitzinera begira «%70eko helburuari» eusteko.

Berako herrigunean «orain arte sei konpost-gune» izan dira (hiru konpost-etxola Agerran, Eztegaran eta Kanttonberrin; eta hiru konpost-ontzi Zubizabalen, Iturlandetan eta Matzadan). Hasiera batean Legarbidean eta Itzean ezarri baziren ere «hainbat arrazoirengatik» kendu egin ziren.

Azken bilkuran erabakitakoaren arabera «momentu honetan sistema mistoaren hautua» egin dute. Horrela «egun dauden konpostagailuekin» segituko dute eta hauek «edukiontzi marroiekin» osatuko dira. Izan ere, «etxolekin hondakin organikoaren bilketaren helburua lortzeko (%50) etxola kopurua bikoiztu» beharko litzateke, eta hau «ezinezkoa litzateke toki faltagatik eta mantentze beharragatik».

Udalaren arabera, sistema mistoak bi abantaila ditu «etxeko konpostarekin segitzeko aukera izatea» eta «bilketa igotzeko bidea» paratzea. Modu honetan, «dauden sei konpost-guneekin» segituko dute eta «edukiontzi berdeen ondoan, edukiontzi marroiak» paratuko dituzte. Guztira «30 edukiontzi marroi» ezartzea erabaki da. Berdeak berriz, «zerbait murriztuko lirateke, hirutik bira proportzioan».

Azkenik, udalak informazio kanpaina eginen du «etxez etxe joanda, euskarri grafiko egokia diseinatuz eta kubo marroiak banatuz». Gainera, kanpaina honetan «hondakin organikoa biltzeko bi sistemen ezaugarriak» azalduko dira, «erabiltzaile bakoitzak bere aukera egiteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun