80ko hamarkadan Mikel Zabalzaren hilotza agertu zen Bidasoa ibaiko uretan, Endarlatsan. Duela 13 urte, berriz, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren atxiloketa eta torturek izan zuten oihartzun handia. Baina bi kasu nabarmen hauez gain, zabalagoa eta isilagoa izan da urte luzez torturak Bidasoaren inguruan utzitako arrastoa.
Torturaren Aurkako Eguna dela eta, asteburu honetan, bi ekitaldi egin dituzte Lesakan, eskualdeko errealitatea azaleratu asmoz, Egia ur azalera goiburupean.
Ortziralean, Harriondoa Kultur Etxean solasaldia izan zen, Aitortzaren bila izenburupean. Bertan, alde batetik, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren kasuak, eta bertzetik, emakume torturatuen testigantzak izan zituzten mintzagai Amaia Izko abokatuak eta Izaskun Rekarte antropologoak.
Larunbatean, eguerdian frontoiaren gibeleko aparkalekuan, Unai Ruiz margolariak eginiko muralaren oinetan, oroitzapen ekitaldia egin zen. Bertan, Mikel Zabalza, eta Mattin Sarasola eta Igor Porturen kasuak lotuta, Bidasoa ibaiak zeharkatzen duen bailara honetako torturatu guztiak gogoan izan zituzten. Txalaparta eta musika doinuekin batera, Zabalza, Portu eta Sarasolaren senideek beraien testigantzak plazaratu zituzten. Unai Ruizek Egia, ur azalera margolanaren nondik norakoak azaldu zituen eta Errekak ez duelako dena eramaten, ez dugulako ahazten, egia atera dezagun ur azalera zioen oroigarri bat ere azaldu zuten. Bertan, «Mikel Zabaltza 1985ean atxilotua, Bidasoan agertu zen gorpua ur geldien isiltasunean; Igor Portu eta Mattin Sarasola, 2008an atxilotuak Aramaioko ur bizien bazterrean torturatuak» esaldiak irakur daitezke, baita Baztan-Bidasoaldean torturak salatu dituztenen kopuru latzak ere: «Baztanen 22, Malerrekan 10, Bortzirietak 41 eta Behe Bidasoak 73».
Ekitaldi hunkigarria bukatzeko, Aurreskua dantzatzeaz gain, eskualdean tortura sufritu duten horietako batzuk lore-eskaintza egin zuten Mikel Zabaltzaren argazkiaren ondoan.