Udal ireki eta parte hartzaileagoa lortu asmoz bilera egin du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 12a, 16:00

Lesakako udal ordezkariak eta Nafar Gobernuko Gobernu Irekiaren eta Herritarren Parte Hartzearen zuzendari nagusia.

Lesakako udaletik jakinarazi dutenez, «lesakar guztientzat ateak irekita dituen Udal bat izatea dugu helburu, eta herritarren parte hartzea sustatzeko ari gara lanean»

Udal ireki eta parte hartzaileago bat lortzeko asmoz, pasa den asteartean Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren eta Herritarren Parte Hartzearen zuzendari nagusiarekin bildu ziren udal ordezkariak. Bilkura honetan «informazioa elkarbanatu» zuten eta Lesakako zein Nafarroako arduradunek momentu honetan «esku artean dituzten proiektuen inguruan» hausnartu zuten. Gainera, Nafarroako Gobernuko kideek «beraien prestutasuna» eta dituzten «dirulaguntzen berri» eman zieten Lesakarrei.

Haurren lagunak diren herriak egitasmoa

Lesakako Udala parte hartzen ari den proiektuen artean, UNICEF erakundeak abian paratu zuen Haurren lagunak diren herriak egitasmoan parte hartzen ari da. Ladis Satrustegi alkateak jakitera eman duenez proiektu honen helburua «haurren eta gazteen eskubideak betetzea eta bermatzea» da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun