Imanol Vicente

Imanol Vicente etxalartarrak Nafarroako Auto-kros 2020 txapelketa irabazi du

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 12a, 15:00

Espainiako, Nafarroako zein eskualdeko hainbat auto lasterketetan parte hartu du Imanol Vicentek (1994, Etxalar). Oraingo honetan Nafarroako Auto-kros Irekiko laugarren mailan aritu da eta lehenbiziko postua lortu du. Honetaz eta auto lasterketetako zenbait xehetasunez aritu da TTIPI-TTAPArekin.

2018tik dabil auto lasterketetan Imanol Vicente etxalartarra. Aitzineko asteburuan Nafarroako Auto-kros Irekiko laugarren mailan lehiatu da eta txapela buru gainean ekarri du Etxalarrera. Gaztearen hitzetan Auto-kros modalitatea «lurgaineko zirkuituetan egiten diren auto eta mono-plazen lasterketak dira». Vicente, zehazki Kart-cros modalitatean lehiatzen da «Nafarroan egiten den Nitokar markako kart-kros batekin». Bere ibilgailuaren ezaugarrien artean «gibeleko trakzioa duen karreterako moto baten motorra» eta «xasis tubularreko mono-plaza» dira bereizgarri nagusiak.

Proba hauetan hainbat kategoriatan banatzen dira lehiakideak «gure autoaren edo mono-plaza motaren arabera». Partaide bakoitzaren irteera lekua «sailkapen sesio batean denbora hartuz» erabakitzen dute. Sailkapenerako «bortz buelta libre» egiten dituzte eta «denbora guztiak zerrenda batean paratzen dira, denbora hoberenetik kaxkarrenera». Proba hau alde batetik «zenbaki bikoitiek» eta bertze aldetik «zenbaki bakoitiek» egiten dute. Ondotik «talde bakoitzeko lehenbiziko sailkatuekin finala egiten da, gehienez ere 15 ibilgailu irteera bakoitzeko».

Zirkuitua «ezaguna» denez «kopiloturik gabe» gidatzen dute proba hauetan. Gainera, Vicenteren kasuan bere ibilgailuak «eserleku bakarra» du.

Lasterketa hauetan arrisku maila «baxua» dela aditzera eman du gazteak «ibilgailuek segurtasun maila handia dute, zirkuituetan segurtasun neurriak daude eta bihurgune guztietan komisarioak». Ez hori bakarrik, lasterketa hauetarako edozein arrisku saihesteko «goitik beheiti suaren kontrako arropa» janzten duela adierazi du, baita «lepoa babesteko hansa paratzeko moto-kros kasko berezia eta aitzinekoek botatzen dituzten harriak eta lohia garbitzeko sistema berezia duten betaurrekoak».

Proba egin aitzinetik prestaketa lanak egin behar izaten dituzte eta etxalartarrari «buruko min» handienak ibilgailua «puntuan izateak» sortzen dizkio. Nafarroan entrenamenduak egiteko «zirkuitu bakarra» dagoela aipatu du, Mendabiakoa. Hala ere, lasterketa denboraldian «proba bat bertzearen gibeletik izaten dugu eta ez dugu entrenatzeko modurik».

Urte batean «egin daitezkeen lasterketa guztiak» egiten dituela adierazi du. «Batez ere Nafarroako lasterketak egiten ditut, Espainiako txapelketaren bat eta eskualdeko Slalom gehienetan» parte hartzen du Imanol Vicentek.

Auto lasterketetan etxalartarrarentzat errazena auto-kros lasterketa bat ikustean «bertan parte hartzeko gogoa piztea da». Bertzalde, autoekiko zaletasunean zailena «ibilgailua prestatzea eta mekanika arazoak konpontzea» dela azpimarratu du, «beti dago zerbait egiteko eta etxean eginda ere diru aunitz gastatzen da ibilgailua prest izaten».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun