Legasan pareta baten kontra istripua izan eta ihes egindako kamioilaria Beran atxilotu dute alkohol-tasa seikoiztuta zuela

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 10a, 13:14

Foruzainek bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzi diote Huelvan bizi den 46 urteko gidari atzerritar bati, 0,95 mgr/l-ko alkoholemia-tasarekin atzeman ondotik. Gainera, istripua izan duen tokitik alde egiteagatik, foruzainen gelditzeko seinaleak ez betetzeagatik eta kamioi hondatuarekin zirkulatzeagatik bertze hiru isun jarri dizkiote.

Jakitera eman dutenez, operatiboa bart arratsean 03:50 aldera hasi da, Foruzainek istripu baten arrastoak eta matxurak zituen kamioi bat ikusi dutenean errepidean zebilela martxan. Gelditzeko agindu badiote ere, kasurik egin gabe hamar bat kilometrotan aitzinera segitu omen du. Azkenean, kamioia aurreratu eta Foruzainen autoa kamioiaren aitzinean gurutzatu dutenean geldiarazi dute.

Gidaria identifikatu ondotik, alkoholaren eraginpean zebilela baieztatu dute (0,95 mgr/l-ko). Kontuan hartu behar da gidari profesionalentzat dagoen muga, gehienez ere, 0,15 mgr/l-ko dela. Takografoa eta karga aztertuta, «Ingalaterrara piper garraioan» zihoala adierazi dute.

Egindako hiru arau-hausteengatik, 480 euroko isuna eta 4 puntu kendu dizkiote gidabaimenean eta, gainera, Iruñeko epaitegi batean ebatziko dutenaren arabera, alkohol-tasarengatik gidabaimena kendu eta bertze 2.400 euro arteko isuna jartzen ahal diote.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun