Europatik etorri den dirulaguntza bat probestuz, oinezkoentzako bideak egokitu ditu udalak herrian. Alde batetik, eskolatik Txolberroko atakara doan bidea moldatu du, garai batean herritik Bordalarrera joateko bidea zena, eta bertzetik, Larreta aldekoa ere egokitu du, Azkilarrera joateko lehenagoko bidea, hain zuzen.
Jende helduari zelaian oinez ibiltzeko aukera emateko helburuarekin abiatu zuen udalak proiektua, baina behin eginda, helduek ez ezik nahi dutenek izanen dute hor ibiltzeko aukera, baita eskolako lagunek ere, klasea kanpoan eman nahi badute. Bidean atseden hartzeko bankuak ere paratu dituzte, baita atakak ere, aziendak ibiltzen diren eremua delako.
Hain zuzen, baserritarren aziendak ibiltzen direlako, «oinezkoentzat egokitutako bidetik bakarrik ibil daitekeela» ohartarazi du udalak, eta aziendak errespetatzeko eskatu du: «ez egin animaliak ikaratzeko ekintzarik».
Bide horietan bizikletarekin, motoarekin edota lasterka ibiltzea debekatua dago eta zakurrarekin pasatzekotan, zakurra sokatik lotua dela ibil daiteke.