Beran eta Lesakan OCR kameraren bidez kontrolatuko dituzte aparkalekuak

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 5a, 11:00
Matrikulak irakurtzeko OCR sistema duten kamararekin ibiliko dira udal ibilgailuak Bera eta Lesakako aparkalekuak kontrolatzen.

Gaizki utzita dauden ibilgailuei argazkia aterako die eta araua hausten duenak isunaren abisua hartuko du autoaren matrikula agertzen duen argazkiarekin batera

Azken hilabeteetan aparkalekuak ordenatzeko prozesuan daude eta hainbat arau berri ezarri dituzte Bera eta Lesakako udalerrietan. Aitor Elexpuru Berako alkateak eta Ladis Satrustegi, Lesakako alkateak sinatutako informazio ohar batek dioenez, «arauok guztion beharrak asetzeko pentsatuak izan dira eta garrantzitsua da horiek, bertze guztiak bezala, errespetatzea». Bide horretan, Beran plaza berdeak, soilik herritarrentzat, eta denbora mugatuko plaza urdin-gorriak, guztiontzat, markatu dituzte. Lesakan, berriz, zamalanetarako plazak edota komertzioen inguruan erosketak egiteko plaza gorriak markatu dituzte, hainbat aparkaleku berriz pintatzearekin batera.

«Herritar gehienok errespetatzen ditugu arau horiek, eta, egia erran, gutti batzuk dira behar ez den tokietan aparkatzen dutenak: espaloietan, zebrabideetan, ezgaituentzako plazetan, marra horia dagoen edo bereziki debekatua dagoen tokietan... Argi erran behar da gutti horien jarrerak gehiengoen eskubideak zanpatzen dituela», dio alkateen oharrak.

Horregatik, Bera eta Lesakako udalek neurriak hartu dituzte arauak errespetatzen direla kontrolatzeko, eta horiek herritar guztien jakinaren gainean jarri nahi dituzte. Kontrol prozesua errazteko sistema berria paratu dute martxan: OCR (matrikulak irakurtzeko sistema) kamerak dituen udal ibilgailua.

Sistema horren bitartez, udal ibilgailua herrian barna joanen da, gaizki aparkatuak diren autoen argazkiak ateratzen, gelditu gabe, isunaren prozesuari hasiera ematen. Sistema horrek, gainera, bi herrietan ezarritako ordutegi mugatutako plazetan denbora gainditu duten autoak identifikatuko ditu, edo, Berako kasuan, baldintzak bete gabe plaza berdeetan daudenak detektatuko ditu ere. Lesakan, adibidez, zamalanetarako plazak gaizki erabiltzen dituztenak identifikatzeko balio izanen du. Araua hausten duenak isunaren abisua jasoko du autoaren matrikula agertzen duen argazkiarekin, arau-haustearen proba gisa.

Bera eta Lesakako alkatearen idatziaren arabera, «honen helburua ez da isun gehiago jartzea, udaletarako balizko diru-iturri gisa, baizik eta guztiok arauak errespetatzea, gehienok egiten dugun bezala, denon mesederako. Helburua, azken finean, isunak ez jartzea da, arauak errespetatzen direnaren seinalea izanen baitzen hori. Badakigu, zoritxarrez, kontrol zorrotza ez bada egiten beti egonen dela arau-hausleren bat, eta hori geldiarazi nahi dugu».

Alkateak seguru daude «arau horiek errespetatzea denon mesederako izanen dela».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun