'Egia ur azalera' torturaren aurkako ekintzak eginen dira asteburuan Lesakan

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 11a, 11:00
Larunbat eguerdian frontoiaren gibeleko aparkalekuan, Unai Ruiz margolariak eginiko muralaren oinetan, oroitzapen ekitaldia eginen da.

Ortzirale arratsaldean solasaldia izanen da Harriondoan eta larunbat eguerdian oroitzapen ekitaldia frontoiko aparkalekuan

Otsailaren 13an 40 urte beteko dira Joxe Arregi Espainiako Poliziak egindako torturek eragindako zaurien ondorioz Carabanchelgo kartzelan hil zenetik. Ordutik, data hau erreferente bihurtu da torturaren aurkako borrokan.

Gure eskualdean, 80ko hamarkadan Mikel Zabalzaren kasua izan zen sonatuena. Duela 13 urte, berriz, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren atxiloketa eta torturek izan zuten oihartzun handia. Baina bi kasu nabarmen hauez gain, zabalagoa eta isilagoa izan da urte luzez torturak Bidasoaren inguruan utzitako arrastoa.

Otsailaren 13a Torturaren Aurkako Eguna dela eta, asteburu horretarako, bi ekitaldi antolatu dituzte Lesakan, eskualdeko errealitatea azaleratu asmoz, Egia ur azalera goiburupean.

Otsailaren 12an,ortziralean, 19:00etan, Harriondoa Kultur Etxean solasaldia izanen da, Aitortzaren bila izenburupean. Bertan, alde batetik, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren kasuak, eta bertzetik, emakume torturatuen testigantzak izanen dituzte mintzagai Amaia Izko abokatuak eta Izaskun Rekarte antropologoak.

Otsailaren 13an, larunbatean 12:00etan, frontoiaren gibeleko aparkalekuan, Unai Ruiz margolariak eginiko muralaren oinetan, oroitzapen ekitaldia eginen da. Bertan, Mikel Zabalza, eta Mattin Sarasola eta Igor Porturen kasuak lotuta, Bidasoa ibaiak zeharkatzen duen gure bailara honetako torturatu guztiak gogoan izanen dituzte.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun