Ekhiñe Zapiain beratarrak Iruñean eginen den 'Eskolatik plazara' bertso-saioan kantatuko du

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 2a, 14:00

2019 Nafarroako eskolartekoan Ekhiñe Zapiain kantari.

Gernika-Lumoko Astran elkartu ziren pasa den ilbeltzaren 29an, iaz Euskal Herriko Eskolartekoan aritzekoak ziren Irune Basagoiti, Leire Vargas eta Naia Arrizabalaga, Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio bertsolariekin. Gai jartzaile lanetan Igor Menika aritu zen.

Aste honetan iruindarren txanda izanen da. Iruñeko Nafarroako Antzerki Eskolan ariko dira kantuan Aitor Ugarte, Alaia Martin, Bittori Elizalde, Ekhiñe Zapiain, Eukene De Los Aires eta Julio SotoJosu Sanjurjo ariko da gai jartzaile lanetan. 18:00etatik aitzinera izanen da hitzordua. Sarrera doakoa da, eta gonbidapenak dagoeneko eskuragai daude lotura honetan.

Hirugarren saio bat egitea iragarri dute, eta xehetasunak laster emanen dituzte.

Eskolartekoa antolatzen duten Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dute Eskolatik Plazara. Antolatzaileek aditzera eman dutenez «Eskolartekoaren helburua bertsotan hasiberriak direnei jendaurrean bat-batekoan plazaratzeko aukera ematea da, beren belaunaldia zaletzea, eta bertso-saioen antolakuntzan lehen urratsak egitea, etorkizunean bertsolaritzako eragile izan daitezen». Modu honetan «bertsolari gazteei ikusgarritasuna eman nahi zaie ekimen honekin, bertsolari gazteentzako bultzada handia izaten baita datozen urteetako plazei begira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun