Herrigunetik kanpo dauden baserri auzoetara irrati bidez banda zabala eramateko lanean ari da Lesakako Udala

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 1a, 14:00

Baserrietara banda zabala irrati bidez eramateko lanean ari da Udala. Argazkian, Frain auzoko Buruxkonborda baserria.

Dena ongi badoa, datozen hilabeteetan zerbitzua eskuragarri izatea espero dute

Karrikan zuntz optikoa etxe gehienetara zabaldu ondotik, baserri-auzoetan eta zuntz optikorik gabe geratu diren etxeen egoera moldatzea garrantzitsua da Lesakako Udalaren ustez, herriko garapenean aitzinera pausuak emateko.  Horretarako, Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoa den Nasertic-en aholkularitzaren eta telekomunikazio munduan esperientzia duen Wikai enpresaren laguntza izanen dute. Telebistako antenak eta existitzen diren bertze azpiegitura batzuez baliatuz, banda zabaleko internet seinalea, hau da, segundoko 30 Mb baino abiadura handiagoko seinalea eskaintzea posible izanen dela espero dute, herriko etxe eta baserri gehienetan.

Gaur egun teknologia honek 30 Mb/s-tik 100 Mb/s-ra doazen konexio-abiadurak eman ditzake. Bezeroak bi modutara konekta daitezke sare horretara:

  • Dagokion errepikagailuarekin zuzeneko ikuspena badute (alegia, errepikagailua ikusten badute), antena hartzaile txiki bat instalatu dezakete etxean. Antena hori, aldi berean, router batera konektatzen da etxearen barnean, eta konexioa ahalbidetzen du.
  • Batzuetan, zuzeneko ikuspen faltagatik edo komunikazioen kalitatea hobetzeagatik, operadoreak aukera ematen du etxeak zuntz optikoko kable baten bidez errepikagailuarekin konektatzeko, telebista-seinalearen telebanaketa-sistemen antzera.

Azken urteotan, irrati-teknologia hedatu egin da, eta, neurri handi batean, landa-eremuen Interneterako isolamendua gainditzen lagundu du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun