Lesakako parke eolikoa

'Energia berriztagarrien sektorea Nafarroan' txostena aurkeztu du Sustrai Erakuntza Fundazioak

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 27a, 19:45

Gaur goizean Katakraken Sustrai Erakuntza fundazioak txostena aurkeztu du.

Tramitatzen ari diren proiektu eolikoen artean eskualdean Nordex Acciona enpresa eolikoak Lesakan egin nahi duena dago

'Sustrai Erakuntza fundazioak Nafarroako energia berriztagarrien boom berria. Egoera, inpaktuak eta proposamen alternatiboak' txostena aurkezten du. Fundaziotik adierazi dutenez «Nafarroan energia berriztagarrien proiektu berri eta handi ugari bultzatzeko atzean dauden arrazoiak ezagutarazteko sortu dugu txostena». Aditzera eman dutenez «proiektu berriek lehendik daudenek sortzen dituzten inpaktuak areagotuko dituzte, eta egiten dugun energia-kontsumo neurrigabearen aitzineko erantzun gisa aurkezten dira».

Etorkizunera begira «ekosistemen gaineko presioak gora egiten jarraituko du, Nafarroako, Estatuko eta Europako plangintzak bat egiten baitute helburu horretan». Hala, «2050ean ekoitzitako elektrizitatearen %97 berriztagarria izan dadin, energia-plan bat onartuko du Espainiako Estatuak eta horrek poligono berriztagarri erraldoien garapena ekarriko du». Plangintza honen harira «dagoeneko proiektu berrien agerpena sortzen ari da». Horrela «10 aldiz handituko lirateke gaur egun ditugun eguzki-parke fotovoltaikoen tamaina».

Bertzeen artean, Lesakako proiektua tramitean

Tramitatzen ari diren proiektu eolikoen artean, honako hauek aipa daitezke: Iruñerriaren iparraldeko mendietan Saycr eraikuntza enpresarena, Lesakan Nordex Acciona enpresa eolikoarena edo Green Capital Power enpresarenak. Azken honek bortz proiektu martxan paratu nahi ditu, horietako bi Urbasa eta Andia mendilerroen magalean. Eguzki energia fotovoltaikoa lortzeko poligono handiei dagokienez, garrantzitsuenak Erreniega mendilerroan kokatuko lirateke.

Berriztagarrien «boomaren» arrazoia «gure energia-kontsumoaren sostengaezintasuna» da. Txostenaren arabera «Nafarroan, kontsumitzen dugun energia primarioaren % 80 erregai fosilak dira. Energia ez berriztagarria da, lurretik gero eta gutxiago atera daitekeena, eta kliman eragin negatibo izugarria eragiten duena». Energia berriztagarriak, «kontsumitzen dugun energia guztiaren %20 da». Horrela, «berriztagarrien erabilera handitzeko, aldaketa handiak egin beharko dira prozesu industrialetan, garraioan eta beste sektore ekonomiko batzuetan». Fundaziotik jakitera eman dutenez «aldaketa anitz izanen dira, eta ziurrenik ez dira nahikoa izanen orain egiten dugun energia-kontsumo sostengatzeko».

Horrela, txostenak «hainbat proposamen aurkezten ditu modu iraunkorrean energia berriztagarriekin mugitutako mundu baterako beharrezko trantsizio horri aitzin egitea» ahalbidetuko dutenak. Horretarako, «energia kontsumoa murrizten duten izaera sozialeko eraldaketa-proposamenak ezartzea beharrezkoa izanen da».

Fundazioaren iritziz «benetako trantsizio energetikoak pertsonen ohiturak» aldatzen direnean gertatuko da, «gizartea antolatzeko modua aldatu behar da, eta, batez ere, egungo ekonomiaren funts kontsumista, alde batera utzi behar da». Gainera, oharrean gogor kritikatu dituzte Manu Ayerdi kontseilariak duela gutxi plazaratutako «konponbide sinplistak».

Azkenik, «lehengaien eta energiaren erabilera etengabe handitzea eskatzen duen eredu kapitalista baztertu» behar dela eta gure gizartearekin «bateragarria izanen den eta bizitza duina izaten jarraituko duen sistema sozioekonomiko berri bat» ezartzeko beharra aldarria egin dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun