Txakurrak eta etxeko animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza onartu du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 22a, 16:00

Etxeko animaliekin, batez ere txakurrekin, herrian dauden arazoak ikusirik, Berako Udalak, Lesakakoak urrian adostu zuen bezala, Nafarroako Gobernuaren legedian oinarrituz, erabilera arautzea erabaki du. Honela, ilbeltzaren 17an burututako udal batzarrean, behin behinekoz ahobatez onartu zuen EH Bilduk proposatutako ordenantza, etxeko animaliak, bereziki txakurrak, edukitzea arautuko duena, «animalia horiek babesteko, ongi egoteko eta arduraz edukitzeko».

Alegazioak aurkezteko aukera izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik 30 egunetan. Ordenantza ilbeltzaren 20an argitaratu zen eta, beraz, urtarrila erdialdetik otsaila erdialdera izanen da alegazioak aurkezteko aukera.

Ordenantzaren arabera, nahitaezkoa da animaliak mikrotxip homologatuaren bidez identifikatzea eta alta eta baja guztiak udaletxeko erroldan inskribatzea. Txakur guztiei eman behar zaie txertoa eta ondotik, jabeei identifikazio- eta txertaketa-txapa emanen zaie, animaliaren lepokoan jar dezaten. Modu berean, animalia bat albaitari batek bakarrek hil dezake, «indarrean dagoen legeriaren arabera justifikatutako eta baimendutako egoeretan».

Berako udalerrian debekatua egonen da lepokorik gabeko txakurrak ibiltzea eta herrigunean, txakurrek arduradun bati lotuta ibili beharko dute nahitaez, gehienez bi metroko luzera duen uhalaren bidez. Era berean, debekatuta dago txakurren gorotzak parkeetan, lorategietan edo erabilera publikoko bertze edozein eremutan uztea.

Arau-hausteak arinak, larriak edo hagitz larriak izan daitezke eta horren arabera, isunak ere 200 eurotik 1.000 eurorainokoak (arinak), 1.001 eurotik 6.000 eurora bitartekoak (larriak) eta 100.000 euro artekoak (hagitz larriak) izan daitezke.

Azkenik, udalak katuei karrikan jaten ematea «debekatuta» dagoela oroitarazi nahi izan du, hau egitekotan «udalak arautua eta kudeatua izan behar da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun