‘Bortzirietako nobiliarioa’ liburua aurkeztuko dute urtarrilaren 22an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 19a, 09:00
Joan den astean Beran egin zuten aurkezpena liburuaren egileek.

Iñaki Garrido eta Carlos Rilova egileak udaletxeko pleno aretoan izanen dira ortziralean 18:30ean.

Bortzirietako nobiliarioa. Noblezia, kaparetasuna eta odol-garbitasuna egiaztatzeko frogantzak (XVI-XIX. mendeak) liburuaren aurkezpena eginen dute urtarrilaren 22an, ortziralean 18:30ean Lesakako pleno aretoan. Iñaki Garrido Yerobi eta Carlos Rilova Jericó historialariak eta liburuaren egileak izanen dira Lesakako Kultur Batzordeak antolatutako ekitaldian. Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea erakundeak eta Bortzirietako udalek koeditatu dute liburua.

Lanaren xedea da egiazko berriak ematea Nafarroako erresuma zaharreko Bortzirietan errotutako abizenak dituzten ondorengoei, noiztik agertzen diren han, haien leinuaren noblezia erakusten duen armarria noiz paratu zen etxeko atalburuetan. Ez hori bakarrik. Abizen eta armarri horiek izan dituzten arbasoen goiti eta beheitiak ere ageri dira, bertzeak bertze, inolaz ere agortu nahi izan gabe liburuko informazio baliotsua. Izan ere, inoiz baino biziago dago gure iragan genealogikoa zein den jakiteko eta familia-armak interpretatzeko interesa.

Nobiliario lanean Erdi Aroaren akabailatik, bando-gerra asaldagarri haietatik, lehen karlistaldirainoko aldia aztertzen da, zeinetan hasi baitziren armarri haiek, nagusiki, apaingarri moduan erabiltzen eta abizen guztiak berdintzat hartzen oker deitutako «Estatusen nahasmendua» izenekoaren bitartez. Iturriek (udal artxiboak, Nafarroako Artxibo Nagusia, Artxibo Historiko Nazionala, Indietako Artxibo Nagusia, etab.) Bortziriak ezagutzen lagunduko digute aurkitu diren 350 kaparetasunek eta haien odol-filiazioek osatzen duten mundu konplexuan. Ibilbide historikoa, ustekabez betea, erraterako emaztekiak batzarrean botoa ematen edo Bozateko agotak 1619ko kaparetasun-auzi batean lekuko. Historia beti da bizia, aurkitzea uste ez dena erakusten duena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun