Mendiko asegurua egiteko deialdia zabaldu du Arantzako Ekaitza Elkarteak

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 12a, 15:00

Mendiko asegurua Arantzako Ekaitza Elkartearekin egin nahi dutenek ilbeltzaren 31ra arteko epea izanen dute izena emateko. Interesatuek herriko ostatuetan aurkituko dituzte federatzeko orriak.

Federatzeko orrietan bakoitzak bere datuak idatzi beharko ditu eta horrekin batera, modalitatea aukeratu beharko du, hau da, aseguruaren estaldura: B modalitatea estatu espainiarrerako, C modalitatea estatu espainiarrerako eta Frantziako Pirinioetarako, Andorrarako, Portugalerako eta Marokoko Atlaserako, D modalitatea mundu osorako... Bertzelako gehigarriak ere badira, hala nola, 7.000 metrotik goitiko espedizionarioentzat edo eski, BTT edo snow egiteko, baita Pyrenaica aldizkaria hartzeko ere.

Horrekin batera, Nafar txartela edo FEDME txartela, Espainiakoa, nahi duten aukeratu beharko dute asegurua egin nahi dutenek. Nafarroako federazioetatik adierazi dutenez, bi kasuetan «asegurua berdin-berdina da». Berezitasun bakarra FEDME txartelari esker mendiko aterpeetan deskontuak izateko aukera da, eta horrekin batera, Espainiako Federazioak antolatutako txapelketetan parte hartzeko aukera.

Ekaitza Elkarteko bazkide diren edo ez ere adierazi beharko dute eta bazkide ez direnek sei euro gehiago ordaindu beharko dituzte Ekaitza Elkartearekin federatzeko. Ekaitza Elkartetik adierazi dutenez, ilbeltzaren 31tik aitzinera ez dute altarik onartuko.

Informazio gehiagorako 647 75 91 40 telefonora dei daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun