70 bikotek parte hartu zuten Beran Santa Barbarako kronoigoeran

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 11a, 07:00

XIV. Mendi Egunaren baitan, sarrera guztiak agortu ziren ‘Cholitas’ dokumentala ikusteko

Guztira 70 bikote eta hirukotek hartu zuten parte larunbatean Manttale mendi lasterket taldeak antolatutako Berako XIV. Mendi Egunean. Aurten, COVID-19aren erruz egin beharreko murrizketen ondorioz, ohiko programa bi jardueratara mugatu zen: Santa Barbarako kronoeskalada eta mendiaren inguruko dokumental baten emanaldia.

Santa Barbarako kronoeskaladan 70 bikote eta hirukote elkartu ziren 5,5 kilometro inguruko ibilbidea egiteko, elurte txiki baten azpian eta bi graduko tenperaturarekin. Zirkuituaren zatirik altuena elurtuta zegoen, baina ez zen ezbeharrik izan. Aurten ez zen ohiko mendi irteera antolatu, baina mendizale aunitzek haien kabuz bira zirkularra osatzea erabaki zuten.

Bikote eta hirukoteek minutuko tartearekin hartu zuten irteera, eta bakoitzak dortsala bortz minutu lehenago jaso zuen, pilaketarik gerta ez zedin eta Covid-19aren kontrako neurriak errespetatzeko. Gainera, parte-hartzaile guztiek musukoa paratuta eraman zuten erlojuaren kontrakoaren aitzinetik eta ondotik. Ohikoa denez, izena ematea doakoa izan zen, lasterkariek bukatzerakoan poltsa bat jaso zuten produktu gastronomikoekin, eta 21 opariren zozketa ere egin zen. Bertze behin ere, denborak hartu ziren, baina ez zen sailkapenik egin ez eta saririk eman ere.

Erlojuaren kontrakoaren ondoren, kultur etxean Cholitas dokumentala proiektatu zen. COVID-19ak jarritako murrizketen ondorioz, kultur-etxearen edukiera erdira mugatu zen arren, eskura zeuden 103 sarrerak (edukiera posible guztia) agortu egin ziren.

Manttaletik eskerrak eman nahi dizkiete Mendi Eguna ospatzen lagundu duten boluntario, parte-hartzaile eta publikoari. «2022an egoera normalera itzultzea espero dugu, Xabier Zubieta, Xabier Saralegi eta Loro Pikabearen omenez urtero egiten ditugun jarduera guztiak berreskuratzeko», diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun