Berako Ricardo Baroja eskola 40. urteurrena ospatzen ari da ikasturte honetan

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 16a, 10:00
Ricardo Baroja eskolak 1980an ireki zituen lehen aldiz ateak

2020-2021. ikasturtean Ricardo Baroja eskolaren 40. urteurrenarekin batera, izena ematen dion Ricardo Baroja Nessiren jaiotzaren 150. urteurrena da.

Eskola 1980. urteko irailean sortu zuten eta, Ricardo Baroja Nessi 1871eko urtarrilaren 12an. Ikasturte honetan Berako ikastetxeak biak omenduko ditu «omenaldi xume bat, egoerak behartuta» Joxerra Lopez Ikastetxeko irakasle eta zuzendari ohiak adierazi bezala.

Ikastetxea

Duela 40 urte ireki zuten eskola eta artistaren omenez, Ricardo Baroja izena jartzea erabaki zuten. Lopezek erran duenez «orain dela 15 urte besta handia egin genuen eskolako 25. urteurrena ospatzeko. Orduko leloak zioenez, 25 urte bai, bertze horrenbertze ere bai». Oraindik ez dira urtemuga horretara ailegatu, baina «urrats sendoz harat» badoazela gaineratu du. Bai artista, bai ikastetxea sortu zirenetik «mundua ikaragarri aldatu dela» onartu du zuzendari ohiak eta «aldaketa hauek irakaskuntza erabat baldintzatzen» dutela azpimarratu du. «Egunerokotasunean ordenagailu, tableta eta chrombooken presentzia gero eta handiagoa da. Irakasleok etengabeko prestakuntzan dihardugu, jaiotzetik mundu digitalean dabiltzan ikasleen erritmoari jarraitzeko».

Hizkuntzaren arloan ere, hainbat aldaketa sumatu ditu «euskararen presentzia gero eta handiagoa da esparru guztietan. Segur aski inoiz baino handiagoa izanen da euskara dakitenen kopurua». Baina, tamalez, «jakite horrek ez du beti hitz egitea ekarri. Anitz dira euskaraz jakin arren erdaraz aritzen direnak». Eskolak euskararekiko apustua egiten du eta «gure herrietako karriketan» euskararen presentzia handiagoa izatea «erronka makala» ez dela plazaratu du. Irakasleak irtenbidea zein den argi du: «euskararen transmisioan eta kontzientziazioan gizarte osoak du zer erranik eta, ezbairik gabe, eskolak ere paper garrantzitsua du». Gai honetan «gure eskolak konpromiso sendoa erakutsi du sortu zenetik, euskaraz irakasteaz gain, euskaraz bizitzearen aldeko apustua egin baitugu».

Ricardo Baroja ikastetxearen baloreei dagokionez honela mintzo da Lopez: «gurean jarrera kritikoa lantzearen aldekoak gara. Gure gaur egungo ikasleen, etorkizuneko helduen, esku egonen baita zer nolako mundua eraikiko dugun».

Bertze horrenbertze urte betetzeko prest

Azkenik XXI. mendeko eskolak «erronka anitzi» aitzin egin behar diotela adierazi du Lopezek: «Ricardo Baroja Eskolak erronka horiei umiltasun eta konpromisoz aitzin eginen die, 40 urte hauetan egin dien bezala. Konpromiso honen ondorioa da eskolak berak azken urteetan bizi duen aldaketa. Duela 15 urte, eskolako 25. urteurrenean, 70 ikasle genituen eta momentu honetan 200 ikasle ditugu».

Ricardo Baroja Nessi

Ricardo Baroja Nessi hainbat arlo jorratu zituen artista izan zen. Bere aitaren, Serafin Baroja, lanbidearen ondorioz, Rio Tinton (Andaluzia) jaio bazen ere, gaztetatik hagitz lotura hertsia izan zuen Euskal Herriarekin, eta, bereziki, Berarekin. Bertan familia-etxea zuen eta han hil zen 1953ko abenduaren 19an.

Bere lan batzuk aipatzearren, grabatzaile lanetan Goyaren oinordekotzat hartzen da, idazle bezala, Espainiako Literatur saria irabazi zuen La Nao Capitana obrarekin. Margolari gisa, Espainiako gerra zibilaren inguruko sarraskiari buruzko hirurogei taula margotu zituen, gai honen inguruko lan zabalena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun