'Cholitas' dokumentala ikusteko 50 sarrera bakarrik gelditzen direla jakinarazi du Manttalek

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 5a, 10:00

Boliviako hainbat emakumek Aconcaguara egiten duten espedizioa du kontagai dokumentalak. Argazkia: Goiena.eus.

Larunbatean ikusi ahal izanen da kultur etxean, 19:00etan.

Urtarrilaren 9an, larunbatean, Berako kultur etxean ikusi ahal izanen den Cholitas dokumentalerako 50 sarrera bakarrik gelditzen direla jakinarazi du Manttalek. Eskuratu nahi dutenek www.manttale.eus webgunean dituzte salgai, bortz eurotan. Emanaldia 19:00etan hasiko da eta koronabirusaren aurkako neurriak betetzeko, edukiera mugatua izanen da.

Jaime Murcielago Tagarro eta Pablo Iraburu Alleguek zuzenduriko dokumentalak espedizio berezi baten nondik norakoak azaltzen ditu. Zehazki, Boliviako hainbat emakumek Ameriketako mendirik altuenera, Aconcaguara, egiten duten ibilaldia du ardatz. Emakumeok izotz paretetan goiti ibiliko dira, gona tradizionalak soinean dituztela. Eskalatzaile ez ezik, emakume ausartak dira; eta haientzat mendia askatasunerako lurralde bat da, zoriontsu eta bizirik sentitzeko gunea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun