Berako Udalak erosketak eta antzekoak egiteko aparkamendu mugatuko eremuak ezartzea erabaki du

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 5a, 08:00
Merkataritza-ordutegirako mugatzen diren plaza hauek urdin kolorez eta zerrenda gorriekin seinaleztatuko dira.

Herriko mugikortasun eta trafikoa aztertu ondoren «merkataritza establezimenduak dituzten zenbait karriketan aparkalekuak txandakatzeko tokiak ezartzeko beharra» ikusi du udalak. 

Behar hau asetzeko asmoz «ordutegi mugatuko 20 aparkaleku» egokituko dituztela jakinarazi dute Aitor Elexpuru eta Esteban Aguirre udalkideek. Adierazi dutenez «ordutegi mugatuko hamar Kanttonberri karrikan paratuko dira; lau Altzate karrikan, lau Altzateko plazan eta bi Mukixu Haur Eskola ondoan».

Aparkaleku hauek «erabiltzeko araubideak» izanen dituztela iragarri dute, «aparkatzeko gehienezko denbora 30 minutukoa izanen da. Ordutegia merkataritzakoa izanen da: lanegunetan, astelehenetik ortziralera 09:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara. Jai ez diren larunbatetan 09:00etatik 13:30era. Ordutegi horretatik kanpo aparkatzea libre izanen da».

Jakitera eman dutenez «denbora kontrolatzeko, dendan ordu-disko bat eskatu beharko da, eta han aparkatzen den ordua zehaztu». Gainera «ibilgailuaren gidariak haizetakoaren barruko aldean paratu beharko du diskoa, kanpotik ikusteko moduan».

Erosketak edo kudeaketak egiteko «ordu erdiko denbora izanen da, eta bukatutakoan, ordu-diskoa jaso den establezimendura itzuli beharko da». Baldintza horietan aparkatzen dutenek «ez dute ezer ordaindu beharko eta arau-hausleek Ordenantzan ezarritako isuna ordaindu beharko dute».

Azkenik, ordutegi mugatuko eremu horietan aparkatzeko hasiera data 2021eko urtarrilaren 11n paratu dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun