36 Hektarea zuhaitz landatuko dituzte negu honetan Lesakan

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 2a, 13:00
Landatuko diren espezieen %60a bertakoak izanen dira, pagoak, haritzak eta gaztain landaketa esperimentala.

%60a bertako espezieak izanen dira, pagoa, haritza eta, modu esperimentalean, gaztainondoa

Aurtengo neguan 36,32 Hektarea zuhaitz landatuko dituzte Lesakan, Lantzetarriko Malda, Zumarra, Egieder, Beltzaun, Eskolamendi inguruetan, Udalakn eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean. Hauetarik %60 bertako zuhaitzak izanen dira, gainerako %40a koniferak.

Azken hauetan  hiru espezie erabiliko dira, itsas pinua, Taeda pinua eta alertzea, ahal den heinean etorkizunean egon dateizkeen arriskuak ahalik eta gehien murriztu asmoz espezieak dibertsifikatuz. Izan ere Lesakako mendietan agerikoak dira pinu espezie batzuek izan dituzten gaitzen ondorioak, eremu ikaragarriak bota behar izan baitira. 

Erran bezala, landaketen %60a bertzelako espezieek osatzen dute. Izan ere gehien bat pagoak (9,5 Ha) eta haritzak (9 Ha) landatuko dituzte. Etorkizunean gaztainondoak berreskuratzeko asmoz ere, 2,6 Hektareko gaztain landaketa esperimental bat eginen dute, gaztainak dituen gaitzei aurre egin eta gure ingurura egokituko den genetika lortzeko asmoz.

Lesakako Udalak hurrengo urteetan ere ildo beretik jarraitzeko asmoa du,«esfortzu handia eginez birlandaketetan eta bertako espeziek lehenetsiz». Hala ere koniferen kasuan, landatzen diren espezieak dibertsifikatuko dituzte, etorkizunean egon daitezkeen arazoak ahalik eta gehien murrizten saiatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun