2.980.550 euroko udal aurrekontua onartu dute Lesakan 2021erako

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 31a, 15:00
200.000 euroko inbertsioa eginen da landaketa eta baso lanetan, Nafarroako Gobernuak dirulaguntzetarako onartutako gehieneko kopurua.

Iazkoa baino %2,6 handiagoa da eta EHBilduren aldeko botoekin eta Geroa Bairen abstentzioarekin eman zitzaion hasierako onespena abenduren 23ko batzarrean

Lesakako udalak abenduaren 23ko osoko bilkuran 2021eko aurrekontu orokorrari hasierako onespena eman zion, EHBilduren aldeko bozkarekin eta Geroa Bairen abstentzioarekin. 2.980.550 euroko diru-sarrerak eta gastuak izanen ditu. Andra Mari Zahar Etxea Erakunde Autonomoaren aurrekontua, berriz, 776.000 eurokoa izanen da.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Herriko Etxeko iragarki-taulan iragarri eta gero, espedientea udal-idazkaritzan ikusgai edukiko dute hamabortz egun baliodunean, herriarrek edota interesdunek espedientea aztertu eta egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak egin ditzaten.

2021erako aurrekontuetan  %2,6 igoera aurreikusi da guztira (76.020 euro gehiago). «Aurrekontu kontserbadoreak dira, bizi dugun egoeran gastu arruntak kontrolatzeko saiakera egin baita udalaren funtzionamendu eta zerbitzuak mantenduz», dio Ladis Satrustegi alkateak.

Gastuen kontrolean lagunduko dute, bertzeak bertze, energia aurrezteko harturiko neurriek, tartean jada martxan dagoen herriko zati batean LED argiak jartzeko proiektuak. Orotara gastu arruntetan %4,4 murriztu da aurrekontua (52.300 euro gutxiago).

Bertzalde, transferentzien atalean emanen da igoera haundiena, izan ere %19,92ko igoera aurreikusi da 2021erako (65.300 euro gehiago), bereziki Andra Mari zahar etxean eta Udal kiroldegian Covid-19aren eraginez aurreikusi daitezkeen galerei aurre egin ahal izateko.

Landaketa eta baso lanetarako bikoitza

Inbertsioen alorrean oro har ohikoak diren inbertsio txikiei eutsi zaie, tartean lehengo urtean lehen aldiz sortu zen diru-atala, haur parkeak berritzekoa. Igoera haundiena izan duen inbertsioen atala landaketa eta baso lanena izan da, bikoiztu egin baita 200.000 eurora arte. Hain zuzen, Nafarroako Gobernuak dirulaguntzetarako onartutako gehieneko kopurua da 200.000 euro, hortik goiti ez baitu diruz laguntzen. Alkatearen erranetan, «ingurugiroarekin dugun konpromisoari eutsi beharra zaio une larri hauetan ere».

Inbertsioen atalean, hala ere, aipatu beharra da inbertsio nagusiak aitzineko urtetako soberakina erabiliz eta lor daitezkeen subentzioen bidez finantzatzeko asmoa dagoela. Finantzazioa lortzen denean aurrekontuak egokituko dira inbertsio hauek egin ahal izateko. Honen adibide da bide berdearekin lotura egiteko lortu den Nafarroako Gobernuaren diru laguntza (340.000 euro). Hainbat proiektu estrategikoetan lan egiten ari da udala, «herritarren egunerokotasuna  eta bizi kalitatea hobetzeko eta ingurugiroarekin dugun konpromisoari aurre egiteko» eta finantzazioa lortu ahala ezagutzera emanen dituzte.

Sarreren aldetik, igoera nagusia jasotako dirulaguntzetan emanen da. Hauek, egon diren sarrera jaitsierak konpentsatzeaz gain, aurrekontuaren igoera ttiki bat ahalbideratu dute.

Birusak astindutako garai honetan 2021eko aurrekontuen helburu nagusia udalaren ohiko lan eta zerbitzuak bermatzea da, baita herri eragileei eman ohi zaizkien laguntzak mantentzea eta ahalegin berezi bat egitea ekitaldi programazioa ahalbidetzeko, herriari bizia emateko. Honetaz gain, koronabirusak eragindako gastu gehigarriei aurre egin beharko zaie.

Kontribuzioa

Hau guztia egin ahal izateko, kontribuzioaren zergak pisu handia du aurrekontuetan. Hala ere, bizi dugun egoeraz jakitun da udala. Horregatik, herritarrei esfortzu gehigarririk eskatu gabe, kontribuzio berria minimo legalean (%0,25ean) ezarriko da, azken plenoan erabaki bezala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun