Berako XIV. Mendi Eguneko lasterketa eta proiekziorako izen-emateen azken egunak

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 4a, 19:00

Pandemia eta osasun- eta mugikortasun-mugak direla eta, egitaraua murriztu behar izan dute eta, soilik, Santa Barbarako igoera eta Cholitas dokumentalaren proiekzioa eginen dute. Bi jardueretako izen-emateak urtarrilaren 6a arte, asteazkena, egin daiteke.

Urtarrilaren 9an, Berako Mendi Egunaren hamalaugarren edizioa antolatu dute Manttale Mendi lasterketa taldeak eta Agerra Mendi Taldeak, Berako Udalaren eta bertze zenbait erakunderen laguntzarekin. Bertan, Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegi omenduko dituzte, 2007ko urtarrilaren 13an Taillon mendian hildako mendizaleak.

Aurten ez da mendi-irteerarik eginen, ez eta ondorengo lunchik ere, eta kronoeskalada eta kultur etxeko proiekzioa protokolo zorrotz bati jarraituz garatuko dira.

Kronoeskaladan izena emateko eta dokumentalerako sarrerak Manttaleren webgunean egin daiteke urtarrilaren 6a arte. Webgunean bertan azaltzen dira kronoeskaladan eta dokumentalaren proiekzioan jarraitu beharreko protokoloak.

Izena eman duten guztiek posta elektronikoz jasoko dituzte beren dortsal zenbakia eta irteera ordua. Korrikalariek irteera-ordua baino bortz minutu lehenago joan beharko dute irteera-eremura, jende pilaketak saihesteko. Irteera baino lehen eta kronoeskalada bukatu ondoren parte-hartzaileek maskara jarrita eraman beharko dute, eta ibilbidea egiten duten bitartean bakarrik kendu izanen dute.

Bikoteak minutu bateko tartearekin aterako dira 15:30etik aitzinera, eta azkeneko bikotea iristen denean bukatutzat emanen da kronoeskalada. Aurten ez irteeran ez ibilbidean zehar ez da hornidura punturik egonen. Santa Barbarako irteera ez da antolatuko, baina ibilbidea markatuta egonen da bere kabuz egin nahi duenarentzat.

Cholitasen proiekzioa

Cholitas dokumentala pantailaratuko dute 19:00etan Berako Kultur Etxean. Sarrerak bortz euroren truke eros daitezke Manttaleren webgunean. Edukiera murriztua izanen da eta, soilik, 103 eserleku izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun