Toki Ona Institutuko ikasleek Life Irekibai proiektuan egindako lanaren aitortza eskuratu dute

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 22a, 20:00
Toki Onako ikasle eta irakasleak, Luis Sanz Azcárate GAN-NIK erakundeko kudeatzailearekin astelehenean ikastetxean.

Luis Sanz Azcáratek, GAN-NIK - Nafarroako Ingurumen Kudeaketako kudeatzaileak, Bortzirietako Toki Ona Institutuko bigarren batxilergoko ikasleei bisita egin zien astelehenean eta Life Irekibai proiektutik sortutako zenbait material oparitu zizkien. Bertzeak bertze, honako liburu hauek: Fauna acuática de la cuenca del Bidasoa / Bidasoaren arroko fauna urtarra y Flora fluvial de la cuenca del Bidasoa /Bidasoaren arroko ibai-landaredia. Gazteek eta irakasleak, Maite Arzuagak, ederki merezitako aitortza jaso dute, proiektuan zehar parte hartzeagatik.

Toki Ona ikastetxeko ikasleek Life Irekibai proiektuaren prozesu osoan parte hartu dute, baita akaberako mintegian ere. Azken saio hori, zehazki, joan den azaroaren 25an egin zen proiektuaren ondorioak aditzera emateko. Gazte taldea proiektuari itxiera emateko ekitaldian egon izana deigarri egin zitzaien bertan zeuden 100etik gora adituei.   

 

2016an abiatu zen Life Irekibai proiektua

Life Irekibai proiektua 2016an abiatu zen, ibai-ardatzetako eta ibaiadar nagusietako tarte garrantzitsuen zatiketa ezabatzeko, eta ura bilduta zegoen tarte batzuk lehengoratu dira (hainbat kilometro), habitat naturalagoak eta anitzagoak sustatuta. Ekintzek eragin onuragarria izan dute gure ibaietako arrain-espezieetan, eta bereziki aipatzekoa da izokinak (salmo salar) izan duen bilakaera, Bidasoaren goialdera iritsi baita.

Irekibaik ahalegin handia egin du tokiko biztanleria sentsibilizatzeko eta hainbat ekintza abiarazi ditu, bertzeak bertze honako hau guztia sustatzeko: informazioa, sentsibilizazioa, parte-hartze publikoa, boluntariotza, ikasleendako programa bat eta emaitzen hedapena.

 

Gure ibaien etorkizuna elkarrekin eraikitzeko jardunaldiak

Tokiko bizilagunen parte-hartzea eta inplikazioa lortzen ahalegindu da proiektua, haien inguruneko natur eta kultur balioen ezagutzan eta ulerkuntzan. Horren haritik, nabarmentzekoa da Toki Ona institutuak 'Gure ibaien etorkizuna elkarrekin eraikitzea' parte-hartze prozesuaren hainbat jardunalditan parte hartu izana, leloarekin bat. Leloak ederki laburbiltzen du molde berri batez lan egiteko ideia, hau da, eragileekin harremanetan sartzeko bertze modu bat eta era anitzetako diskurtsoak erabiliz. Eskola-programan ere parte hartu dute Toki Onako ikasleek, Lesaka-Berako Nasara joan baitira, baita ibaira ere. Ekimen horien bidez, sakon ezagutu dituzte gure ibaiek ingurumenean ematen dituzten zerbitzuak eta balioak. 

 

Talde honen parte-hartzea «oso garrantzitsua» dela uste du Luis Sanzek.

 

Luis Sanz GAN-NIKeko kudeatzailearen iritziz, «talde horren parte-hartzea oso garrantzitsua izan da, agerian jartzen baitu Life Irekibaik eta gisako proiektuek ingurumenean duten balio hezigarria eta prestatzailea».

Maite Arzuaga irakasleak, bertzalde, bere esker ona agertu zuen Toki Ona Institutuaren eta ikasleen izenean. Haren iritziz, hagitz gauza onuragarria izan da «ikasleak, beren heziketa barnean, ingurumena hobetzeko proiektuetara hurbildu ahal izatea, haietako bakoitzak bere harri-koskorra ekar baitezake, ahaztu gabe haiek arduratuko direla ingurumena zaintzeaz biharko egunean». Ikasleek, azkenik, aditzera eman zuten «proiektua lagungarria izan zaiela bizi diren ingurunea aztertu, interpretatu eta baloratzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun