«Bada ikatza nori banatu!», haserre mintzo da Berako Udala

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 23a, 17:00

Berako Udalak adierazi duenez «erran eta erran ari gara, baina alferrik da. Espazio publikoak denonak dira, denon diruarekin mantentzen dira eta denon ardura da espazio hauek zaintzea».

Berriro ere gertatu da eta Berako Udala «etsipenez» mintzo da. Udaleko kideek Ttipi-Ttapari erran diotenez «ez dakigu nor edo nortzuk, ezta zein helbururekin, baina Aspacek eta udalak elkarlanean, herrian barrena paratu dituen landareak eta loreak 'lapurtzen' aritu da norbait». Oraingo honetan, badirudi, «gehien bat frontoi inguruko landareak eta loreak desagertu direla» eta etsipenez aditzera eman dute «ez dela lehenengo aldia».

Udalak «lapurreta, ekintza eta jarrera hauek onartu ezin direla» gaineratu du. Izan ere «udala ahalegin handia egiten ari da herria txukun eta polit mantentzeko. Herria denontzat atsegin bilakatu, batez ere, garai gogor hauetan». Baina, tamalez «dena zapuzten eta izorratzen dabilen jendaila dago, jo eta ke».

«Duela aste batzuk espazio publikoak zaborrez beteta agertzen zirela salatu genuen, baita igande goizetan zikinkeriaz beterik ernatzen den jolas parkearen berri eman ere». Baina, egoerak «berdin» jarraitzen duela kexatu dira udal kideak.

Zakur kakak ere arazoen iturburu dira «espaloiak, kaleak eta parkeak zakur kakez beteta agertzeaz nazkatuta gaude». Animaliekin jarraituz, «kale kantoietan katuak bazkatzen, janari hondarrak eta zikinkeria uzten dutenak ere badira. Eta hau, ez da animaliak zaintzeko modu egokiena».

Sasoiari erreferentzia eginez, honela mintzo da udala «zer pentsatuko dute Mari Domingik eta Olentzerok honetaz? Badute ikatza nori banatu!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun