Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketako bigarren eta hondarreko jardunaldia abenduaren 19an jokatu zuten Getxoko Fadura pilotalekuan. Pisu arinetako txapelak banatu zituzten eta biak Lesakara ekarri zituzten.
Emakumeak 240 kiloko kategorian aritu ziren. Lesakako Beti Gazterekin batera Txantrea, Ibarra, Berriozar eta Antsoain aritu ziren lehian. Lesakarrak nagusi izan ziren eta tiraldi guztiak bereganatu zituzten (12 puntu). Bigarren posturako lehia estua izan zuten eta zazpina punturekin berdinduta bukatu zuten Ibarrak eta Antsoainek eta azken postua saihesteko lehian puntu bana lortu zuten Berriozarrek eta Txantreak.
Beti Gazteko laukote txapeldunean Aitziber Goienetxe, Maialen Lopez, Arritxu Muxika eta Ainhoa Ubiria aritu ziren, Joxe Angel Mitxelena erakusle eta Irantzu Goienetxe laguntzaile zutela.
Gizonezkoak, berriz, 300 kilotan aritu ziren. Hemen postuak garbiagoak izan ziren eta Beti Gazte erraz gailendu zen, tiraldi guztiak irabazita (12 puntu). Ibarra bigarren izan zen (9 puntu), Berriozar hirugarren (6 puntu), Txantrea laugarren (3 puntu) eta Antsoain bosgarren (0 puntu).
Beti Gazteko laukotean Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Iñigo Altzugarai eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Paskual Taberna erakusle eta Ander Mitxelena laguntzaile zutela.
Azaroaren 28ko lehen jardunaldian, Beti Gazteko mutilek 320 kiloko txapela jantzi zuten eta emakumeak txapeldunorde izan ziren 260 kilokoan. Beraz, lau txapeletatik hiru eskuratu ditu Beti Gaztek eta bertzean bigarren izan da.