Bere familian Eguberrietako ospakizun garrantzitsuena abenduaren 24 gaueko afaria izaten da. Hitzordu honetan etxekoak ez ezik gurasoen zenbait lagun ere biltzen direla adierazi du. «Afalordu atsegina pasatzen dugu eta jaki goxoz betetako mahaia izan ohi dugu».
Gabon gaueko ajea Kanarietan bizi diren izeba eta lehengusinarekin bazkalduz igarotzen du. Bazkaltzeko «aitzineko egunean afal orduan sobratutako jakiak aprobetxatzen ditugu» eta etxekoek «arratsalde goxo eta lasaia» pasatzen dutela plazaratu du.
Etxean, txikitatik, opariak jaso izan dituztela aipatu du: Papa Noelengandik argentinarren ohitura segituz, eta Hiru Errege Magoen eskutik kanariarren ohiturarekin bat eginez. Hala ere, handitzen joan den heinean opariek baino Eguberriak lagun eta familiako kideekin ospatzeak ilusio handiago egiten diola aitortu du.
Etxean Eguberriek kutsu erlijiosoa baino familiarra duela adierazi du «familiakoak ez gara sekula Eguberrietako elizkizunetara joan». Era berean, etxekoak hagitz tradizionalak ez direla aldarrikatu du.
Hala ere, etxean ohitura bat «sakratua dela» adierazi du Virginiak: jaiotza. Txikitan ahizpa eta berak urtero, jaiotza eta pinua ilusio handiz apaintzen zutela adierazi du. Beraien etxeko jaiotza «ezohiko» gisa definitu du «gure jaiotza hagitz barregarria izaten zen, ohiko pertsonaiez gain, bertze hainbertze ere jartzen baikenituen: jostailuzko autoak, playmobileko pertsonaiak, legoak, dinosauroak... Ahizpa eta biek jaiotza profanoa egiten genuen» kontatu du algara artean.
Anekdota gisa, kanariarrak ez du sekula ahantziko Hiru Errege Magoak etxetik uste baino lehenago igaro ziren urtea. Lagun batzuen etxean zegoen eta bera etxeratu ordurako Hiru Errege Magoek opariak etxean utzi zituzten.
Aurten, lehen aldiz, Eguberriak Euskal Herrian igaroko ditu eta familiakoen falta sumatuko dituela onartu du. Bertzalde, aurten ilusio berezia du. Berako lagunek Olentzero eta Mari Domingirenren berri eman diote baita haren inguruko istorioak kontatu ere. «Ea niri ere Olentzero eta Mari Domingik Berako etxean oparitxo bat uzten didaten», dio Signagok pozez beteta.