Hogeita bortz urte hauetan behin baino gehiagotan ospatu izan ditu Eguberriak Euskal Herrian eta honen inguruko zenbait xehetasun partekatu ditu TTIPI-TTAPArekin. Eguberriak ospatzeko datak Brasilen eta Lesakan egun bera direla adierazi du «Valença Bahian Eguberrietako egun bereziena abenduaren 24a da, egun honetan afari eder baten inguruan biltzen baikara familiako kide guztiak». Gauzak nola diren, Lesakara etorri eta, Lesakako Eguberrietako egun bereziena Eguberri bezpera izaten da, zeinetan, egun osoko egitaraua izan ohi duten: jaiotza lehiaketa, Olentzero lehiaketa, lagun talde nahiz familiako bazkari eta afariak...
Bertzalde, bi herrien arteko ospakizunetan alde nabaria sumatu du. Brasilen bizi zenean «Eguberri egunean oilar-mezara joateko ohitura» zuela aipatu du, eta Lesakan, jaiotza lehiaketak neurri batean kutsu erlijiotsua badu ere, «elizara nahiz elizkizunetarako joateko joera txikia» dagoela adierazi du.
Bi kulturek egun berezi hauek jan eta edari bereziekin ospatzeko ohiturarekin bat egiten dute. «Bai Valença Bahia, baita Lesakan ere egun hauetarako jan eta edari bereziak prestatzea gustatzen zait» eta otordu hauek familiako kideekin partekatzea gustatzen zaiola gaineratu du.
Jantziei dagokionez «egun hauetan arropa berria erosi eta estreinatu ohi dut, eta ahal bada kolore gorrikoa izaten da».
Bere burua ez ezik, etxea ere goitik beiti apaintzen duela gaineratu du baina, batez ere, «pinua apain jartzea gustatzen zait, girlandaz apaindu eta gainean izar distiratsu bat paratzea».
Sorterrian, Eguberrietan opariak Papa Noelek ekartzen zizkiola adierazi du. Baina etorri zen urtetik, urtero, pinua azpian «oparitxo» bat jasotzen duela erran du irri zabal batez.
Tamalez, egungo egoera dela medio, aurten ezin izanen ditu egun berezi hauek bere brasildar familiako kideekin eta lagunekin ospatu «familiakoekin ospatu ezin izateak samina sortzen dit, tristura. Eguberriak familiakoekin ospatu ohi ditudanez, data hauetan beraiekin ez egotea zaila izanen da». Hala ere, hurrengo urtera begira baikor mintzo da eta Eguberriak bi aldiz ospatuko dituela gaineratu du.