'Bemola' ipuin musikatua izanen dute abenduaren 26an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 23a, 07:00

Olatz Rojo, Sergio Eslava eta Raquel Ortegak larunbat arratsaldean ikuskizuna eskainiko dute Harriondoa kultur etxean 18:00etan. Dagoeneko sarrerak salgai daude Telletxean eta Xagun hiru euroren truke.

Bemola ikuskizun pedagogiko musikala da, Enigma hirukoteak eskaintzen duena. Bemola eguerdi ondoko kuluxkatik jaiki berria da eta zerbait harrigarria gertatu zaio, bat-batean ez du kolorerik ikusten, dena zuri-beltzean ikusten du. Baina ohartu da honek ez duela triste jartzen, ez du negar egiteko gogorik, ezta irri egiteko gogorik ere, ez du sentitzen. Ez da ezeren beldur eta ez du nekerik sentitzen. Koloreak eta sentimenduak galdu ditu. Gai izanen gara musikaren bidez Bemola lagundu eta koloreak eta sentimenduak berreskuratzeko?.
Ikuskizuna haurrei zuzendutako tailer batekin hasiko da, eta bertan kontzertuan zehar ezinbertzekoa izanen den abesti bat ikasiko dute: haurrek hau kantatu beharko dute Bemolak kolore eta sentimendu bat berreskuratu dezan. Honen bidez haurrekin patroi erritmikoak landuko dira gorputz perkusioaren bidez.
Sentimendu bakoitza berreskuratzeko hirukoteak hau islatzen duen musika obra bat joko du, eta modu honetan kolore bat ere berreskuratuko dute.

Enigma hirukotea
Enigma hirukoteko partaideak hurrengo hauek dira: Raquel Ortega Ilarregui (arpa), Olatz Rojo Larralde (zeharkako txirula) eta Sergio Eslava Arraiza (saxofoia eta pianoa). Hiru partaideak Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan ezagutu zuten elkar eta orduz geroztik elkarrekin jotzen dihardute. Betidanik haur ikuslegoarengan interesa izan dute, eta izaera didaktikoa duten hainbat kontzertu eman dituzte, izaera orokorra duten kontzertuekin aldizkatuz.
Ezohizko musika tresnen konbinazioak ez du ikuslegoa hotz utziko, eta txikienentzat bereziki aberasgarria da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun