Urrezko Aizkolari Kopako azken finalista eta Aizkolari gazteen binakako txapelketako finalean ariko den bigarren bikotea ezagutuko dira abenduaren 20an, igande eguerdian Zigoitiako (Araba) Ondategiko pilotalekuan jokatuko den jardunaldiaren ondotik. Berako Ohian Larretxea maila nagusian eta Oier Larretxea gazte mailan izanen dira eskualdeko ordezkariak.
Abenduaren 31n Asteasun (Gipuzkoa) jokatuko den Urrezko Aizkolari Kopako finaleko lau finalistetatik hiru ezagunak dira dagoeneko (Xabier Zaldua, Julen Olano eta Oier Kañamares IV.a). Igandeko saioan aterako da laugarren finalista. Kanporaketetan bigarren izan ziren Txomin Amundarain, Luis Polanco eta Luis Mari Txapartegirekin batera, eri zegoelako aritu ezin izan zuen Ohian Larretxea beratarra ariko dira lehian.
Aizkolari gazteen binakako txapelketako finalerdian, berriz, Oier Larretxea beratarra izanen da eskualdeko ordezkaria, Xuban Kañamares V.arekin bikote eginez. Beraiekin batera, Ibai Soroa eta Axel Larrañaga eta Unai Zabala eta Markel Zapiain ariko dira finalerako txartelaren bila. Irabazleek Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia Basozabal izanen dituzte arerio finalean.
Zigoitiako jardunaldian emakumeak trontzan ere ariko dira: Ruth Linaza eta Susana Sanchez, Maider Etxezabal eta Jone Elorzaren kontra ariko dira.