Lesakako organoa zaharberritzen laguntzeko, Organoaren Lagunak elkarteak donazioak egitera animatzeko kanpaina abiatu du

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 15a, 20:00
Iosu Larunbe organista eta Gaizka Sarasola txistularia, urriaren 31n egindako Organoaren Jardunaldian.

70 urte igaro dira azken aldiz Roqués organoa berrikusi zutenetik. Orain, zaharberritze-lanak beharrezkoak ditu. Gastuak ordaintzeko, Organoaren Lagunek 2020ko abenduaren 31 baino lehen donazioak biltzeko kanpaina hasi dute. Izan ere, MECNAri esker donazio horiek kostu txikiak ekartzen dizkiote laguntzaileari (10, 20, 30 euro), baina proiektuari, aldiz, diru-sarrera handiak (50, 100, 150 euro).

Lesakako organoa laguntzeko donazioak egitera animatuz urte bukaerako kanpaina abiatu du Lesakako Roqués Organoaren Lagunak (AAORL) elkarteak. Nafarroako Gobernuak bultzatutako MECNA mezenasgo-programaren barrenean sartua dago proiektua. Elkarte honek urte pare bat daramatza lanean, Tourseko San Martin parrokian dagoen eta Kultura Ondasun izendatu duten organo handia ezagutzera emateko; gaur egun, zaharberritzea behar du, azken aldiz berrikusi zenetik 70 urte baino gehiago igaro ondoren, behar egoeran baitago.

Horretarako, irabazi-asmorik gabeko erakunde hori eratu zen, eta haren helburu nagusia da Roqués organoaren kontserbazio-egoera zaintzea eta haren aberastasun historikoa, kulturala eta ondarezkoa ezagutaraztea. Gainera, AAORL elkarteak organoa Lesakako kultura-, gizarte- eta prestakuntza-bizitzan elementu aktiboa izatea sustatuko du. Hala, aurten, pandemiaren ondorioz bizi dugun egoerak zailtasunak eragin baditu ere, organo-kontzertu bat antolatzen lagundu du, txistuarekin lagunduta, baita musika-tresna horren inguruko saio bat ere, herriko musika-eskolarekin batera. Kontzertu hori Nafarroako Organoaren Lagunen Elkarteak (ANAO) antolatu zuen, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, Bfabemi.org proiektuaren barrenean.

2021ean hiru organo-kontzertu

2021erako hiru organo-kontzertu antolatzea aurreikusi du elkarteak, horietako bat biolontxeloarekin eta bertzea Easo abesbatzarekin batera.

AAORL elkarteak sustatutako organo hori zaharberritzeko proiektua gizarte-interesekotzat jo da aurten, eta Nafarroako Kultur mezenasgoari buruzko Foru Legearen arabera, onura fiskal handiak daude proiektu mota horrekin lankidetzan diharduten enpresa eta partikularrentzat.

Nafarroako Gobernuak MECNA zigiluarekin aitortzen du herritarrek, enpresaburuek eta gizarteak kulturaren sustapenarekin eta finantzaketarekin duten konpromisoa.

Partikularrentzako mezenas izateagatik zerga-abantailak PFEZren kuotaren kenkari bat dira (% 80 emandako lehen 150 eurotan eta % 40 gainerakoetan), eta enpresen kasuan, emandako zenbatekoak Sozietateen gaineko Zergaren zerga-oinarria murrizten du, gastu kengarritzat jotzen baita eta, gainera, kuota likidoaren % 30eko kenkaria lortzen da lehen 300 eurotan eta % 20koa hurrengoetan.

Adibidez, partikular batek urtean 150 euroko ekarpena egiten badu, benetan 30 euroko kostua izango du, Ogasunak 120 euro itzuliko baitizkio PFEZren aitorpenean; 50 euroko ekarpenerako, 40 euro itzuliko zaizkio; 500 euroko dohaintzarako, 260 euro; edo dohaintzako 1.000 eurorako, 460 euro.

Horrek kostu txikiak dakarzkio laguntzaileari (10, 20, 30 euro), eta diru-sarrera handiak dakarzkio proiektuari (50, 100, 150 euro).

AAORL elkarteak kanpaina bat sustatzen du MECNA proiektua ezagutarazteko, eta Lesakako Roqués organoa zaharberritzeko proiektuan interesa duen pertsona oro animatu nahi du Mecnaren bidez ekarpena egin dezan 2020ko abenduaren 31 baino lehen, adierazitako abantailez baliatu ahal izateko.

Elkarteak kenkari horiek kontuan har daitezen behar diren datuak pasatuko dizkio Ogasunari, eta egindako ekarpenaren egiaztagiria ere emango dio emaile bakoitzari.

Edozein kontsulta, iradokizun edo ekarpenei erantzuteko helbide elektronikoa roquesorgano@gmail.com da eta elkartearen kontuak, MECNAra ekarpenak egiteko:

  • CaixaBank - ES32 2100 3707 9321 1504 4086.
  • Nafarroako Rural Kutxa – ES72 3008 0054 1843 4251 2227.
  • Laboral Kutxa - ES53 3035 0138 21 1380010924

Dirua sartzean, NANa eta izen-abizenak adierazi behar dira.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun