IOAR OTEIZA

«Azoka hagitz ongi atera da eta kontent gaude baina urteroko berotasunaren falta izan dugu Durangon»

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 15a, 10:00

Hondarreko lau edizioetan Durangoko Azokako komunikazio arduraduna izan da Ioar Oteiza lesakarra.

Ioar OTEIZA GOIENETXE

Astebete pasatu da Durangoko Azokako ateak itxi zituztenetik. Azokak, ordea, bizirik dirau. Zu non, han da! egitasmoari esker, Euskal Herriko 141 liburu-dendek azokako produktuak saltzeko konpromisoa hartu dute eta urtarrilaren 8ra denda horietan eskuratu ahal izanen dira.

Durangoko Azokan komunikazio arduradun ari den Ioar Oteizak (Lesaka, 1988) egiten duten lana eta aurtengo edizioaren berezitasunak ageriko egitearekin batera, aurtengo azokaren balorazioa egin du. Bere hitzetan, aurten Durangoko Azokan  7.800 erosketa izatea «ikaragarria» izan da eta «erosketa bakoitzaren gibelean euskal kultura laguntzeko kontzientzia» dagoela sinetsita dago.

Durangoko Azokako komunikazio arduraduna izan zara aurten ere. Zenbatgarren urtez izan duzu ardura hori?

Laugarren urtea izan da aurtengoa. Duela lau urte, Argentinan nengoela, unibertsitate garaiko lagun batek deitu zidan, postu horren berri emanez. Bera Durangoko azokaz arduratzen den komunikazio agentzian ari zen lanean eta momentu horretan, enpresa horrek bertze bezero batzuk zituen… Durangoko azokak hiruzpalau hilabeteko lana eskatzen duenez, bertze langile bat nahi zuten. Nik ordurako Euskal Herrira bueltatzea pentsatua nuen eta halaxe hasi nintzen. Orain irailetik aitzinera azokan aritzen naiz eta urtean zehar bertze proiektu batzuetan.

Nolako hilabeteak izaten dira irailetik abendura bitartekoak?

Hasieran lasaiak. Irail-urri aldera kartela aurkezten dugu eta azoka hurbildu ahala lan gehiago izaten dugu. Azaroko azken asteak eta azokako egunak eromena izaten dira: prentsaurrekoak, seinaleak, publizitatea, komunikabideekin bilerak… Horrelako ekitaldi batek prestaketa lan luzea izaten du, gauza aunitz lotu behar izaten dira azoka egunean dena prest izateko.

«Orain arte azoka antolatzeko erabiltzen genuen egiturak aurten ez digu balio izan»

Eta azoka egunetan?

Lana izaten dugu, baina aitzinetik ikusten ez den lana handia izaten dugu. Egun horietan komunikabideen aldetik eskaerak izaten dira, lan puntualagoak. Ordu aunitz pasatzen ditugu, 07:30 aldera, bilera batekin hasten dugu eguna. 10:30erako, Landakoko ateak irekitzen direnerako, ordu batzuk izaten ditugu lanean. Itxi ondotik ere, prentsa oharrak, sare sozialak, argazkiak… lana izaten dugu eta berandu bukatzen dugu. Egia erran, azokaz gutti gozatzen dugu, aurkezpen, kontzertu… guttitan egoten gara.

Zertan aldatu da lan hori guztia aurten?

Orain artean aitzinetik bagenekien azoka nolakoa izanen zen. Beti berrikuntzak izan arren, gauza aunitz errepikatzen ziren, egutegi bat, antolatze egitura bat, genuen. Aurten hori hankaz goiti jarri zaigu, ziurgabetasun egoera bizitu dugu. Prentsa bulegoarekin irailean hasten garen arren, Sorlan agentzian udaberrian hasten gara idazten eta aurten pandemiak erdiz erdi harrapatu gintuen. Ez genekien egiten ari ginen horrek balioko zigun, azoka egiten ahalko zen ere ez genekielako. Erabaki pila bat gibelatzen joan dira eta horren arabera antolatu behar izan gara. Bukaerarako lan gehiago pilatu zaigu. On-line publizitatea indartu dugu (bannerren bidez), sare sozialak erabili ditugu, webgunean on-line denda sortu… Orain arteko gauza aunitzek ez digute balio izan.

«Emaitzak onak izan direla ikusita, lan guztiak merezi izan duela sentitu dugu»

Eta azoka egunak?

Bai, egun horiek ere hagitz diferenteak izan dira. Hasieran azoka egunetan aitzineko urteetan baino lasaiago egonen ginela pentsatu genuen baina egia erran ez da horrela izan. Urtero kazetari aunitz etortzen dira, aurten guttiago izan dira. Baina denak horren kontrolatua egon behar zuenez, eskaera aunitz ailegatu zaizkigu, eta ez da erraza izan. Kazetariekin eta bertako langileekin bitartekari lana egitea tokatu zaigu, sortzaileengana joan eta elkarrizketa egiteko; stocka bukatzean ere harremanetan jarri behar izan gara, bidaltzeko… Alde horretatik hagitz bertzelakoa izan da.

«Eskaera bakoitzaren gibelean euskal kultura laguntzeko kontzientzia dagoela uste dut»

Lan haundia egin duzue...

Bai, baina egoera honetan horrelako zerbait egin ahal izateak eta emaitzak onak izan direla ikusteak merezi izan du. Denentzat izan da lan haundia. Orain arte azoka egunak parte-hartzaileen esku zeuden: sortzaileek lanak saldu eta kulturzaleek erosten zituzten. Aurten hori Gerediagaren eskutan gelditu da. Jende dezente kontratatu behar izan du eta boluntarioak etorri behar izan dira, txandak antolatu… Azoka asteartean bukatuagatik, ortziralera arte 24 orduz martxan aritu ziren. Normalean azoka bukatu eta hurrengo egunak lasaiak izaten ziren, lana izaten zen baina bertze erritmo batean.

Komunikazio taldean zenbat lagun aritu zarete lanean?

Gerediaga elkartetik, bertze kontu batzuetan ere aritzen den langile bat dago komunikazioan eta Sorlan agentziatik hiru: prentsari lotuta bat, bertze bat sare sozialetan ari dena eta ni komunikazio ardura orokorrarekin.

Durangoko Azoka azoka bat baino gehiago da… Zer da zuretzat?

Topalekua da, zentzu aunitzetan. Sortzaile eta hartzaileen topaleku da, liburu bat erosi eta idazlearekin solas egiteko, disko bat sinatzeko… Topaleku, baita ere, arlo aunitzetako sortzaileak elkartzen direlako eta giro berezia sortzen delako. Zentzu horretan, gogoetarako plaza ere bada. Eta segur aski, proiektu berri batzuk ere hemen sortzen dira. Euskal kulturaren bueltan sortzen den giroa, azokan eta azokatik kanpo, hagitz berezia da.

Nolakoa espero zenuen eta nolakoa izan da aurtengo azoka berezia?

Egia erran ez genekien zer izanen zen. ‘Aurreikuspenak bete eta gainditu dira’ erraten dugu, uste genuena baino handiagoa izan delako. Sorpresa eraman dugu parte-hartzaileekin. 2.300 produktuko katalogo bat osatu dugu eta alde horretatik erreferentziazko zerbait osatu dugu. Kulturzaleen aldetik jasotako erantzuna ere kristorena izan da. Jende aunitzek kuxkuxeatzera etorri eta zerbait erosten zuen. Aurten, etxetik webgunera sartu eta erosteak, esfortzu handiagoa eskatzen zuen.

«Azokaren hasierako edizioetako argazkiak ekarri dizkit gogora aurtengoak»

7.800 erosketa, 27.758 produktu eta 50.000 kulturzalek gozatu dute egitarauaz. Zenbaki handiak dira euskal kulturgintzarentzat.

Ikaragarria iruditu zaigu. Kultur egitaraua ere aurrez aurre aitzinera ateratzea lortu dugu. Beldur ginen dena ez ote genuen streaming bidez egin behar. Eta zorionez, aurrez aurre egin ahal izan da. Durangotik kanpokoentzat ere izan dira ekitaldiak: Nafarroan, Atarrabian, Totemen bi egunez kontzertuak izan ziren eta Euskal Herriko bertze toki batzuetara ere ailegatu da azoka. Bizi dugun egoera kontuan hartuz, kontent egoteko modukoa da.

Aurtengo azokak arrakasta izateko denon beharra zuela nabarmendu zenuen. Orain, ateak itxi direlarik, arrakastatsua izan dela esanen zenuke?

Baietz uste dut. Sortzaile eta kulturzaleak azoka hau egitea zer garrantzitsua zen bazekitela uste dut. Jende aunitz bere onena ematen saiatu da eta honetan sinetsi du. Erosketa bakoitzaren gibelean euskal kultura laguntzeko kontzientzia hori badagoela uste dut. Denok paratu dugu gure aletxoa hemen.

Inoiz baino behar handiagoa dagoen tenorean gainera.

Bai, nahiz eta jakin ezin zela aitzineko urteetakoa izan, egitea inoiz baino beharrezkoa zela ikusten genuen. Egoera honek hainbat sektore kaltetu ditu eta horietako bat kulturgintzarena, euskalgintzarena. Horrekin lotuta, aretoetako teknikariek, sortzaileek, argitaletxeek, disketxeek… denek izan dute krisi honen eragina. Azokan urteko fakturazioaren zati handi ateratzen dute horietako aunitzek eta aurten, liburuak aurkezteko, kontzertuak emateko… aukerarik izan ez den honetan, inoiz baino zentzu handiagoa zuen plaza hau izateak.

Hala ere, egunotako jendetzaren falta sumatu izanen duzue… Huts horrek zer eragin dizu zuri? Nola bizi izan duzu?

Sentsazio arraroa izan da. Biltegian aritu gara lanean, mahaiak liburuz beteak, kutxak lurrean eta azoka erdi hutsik. Ez dut ezagutu azoka nola sortu zen baina ikusi ditudan argazkiak kontuan hartuz hasiera hori ekarri dit gogora. Orain artean ohituak ginen erakusmahaiak falta ziren. Jendea lanean ari zen, baina jende gutti zegoen. Kalean ere giro horren falta izan da.  

«Aurtengo azoka inoiz baino luzeagoa da eta bertako produktuak urtarrilaren 8ra arte eskura daitezke hainbat liburutegitan»

Kulturgintzak eremuak, arnasguneak, izatea beharrezkoa dela nabarmendu duzue. Heldu den urtean Durangora bueltatzeko aukera izatea garrantzitsua da?

Bai, kontent gaude, nahiko ongi atera da baina denok izan dugu urteroko azokaren berotasuna faltan izan dugu. Hurrengo urtean azken urtetako azokara bueltatzeko esperantza dugu. Egoera orokorrak baldintzatuko du.

Durangoko Azoka akitu den arren, liburu-denda batzuek horrekin atxikimendua adierazi dute eta produktuak salduko dituzte.

Aurten Durangora etortzea ezinezkoa zenez, azoka Euskal Herrira zabaldu nahi izan dugu. Zu non, han da! ekimenaren bitartez azoka egunetan Euskal Herriko hainbat aretotan kontzertuak eman dira eta, azoka itxi eta hurrengo egunean liburu-dendetara zabaltzeko ekimena martxan paratu genuen. Guztira 141 liburu-dendek eman dute izena. Nafarroan 19 dira, tartean badira eskualdekoak ere. Eskura erosi nahi dutenek urtarrilaren 8ra arte erosi ahal izanen dituzte. Ea Eguberrietan jendea euskal kultura oparitzera animatzen den!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun