Aparkalekuak kontrolatzeko astea izanen dute hau Beran

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 14a, 07:00
Aparkatzeko orduan arau-hausteak zigortuko dira, ordenantzan ageri diren isunak ezarriz.

Erabilera egokia bultzatzeko kanpaina eginen da eta arau-hausteak zigortuko dira, arauak betetzen ez dituzten autoen matrikulak jasoko dituen kamara duen autoa ere erabiliz

Aspaldi honetan, herriko karrikak eta espazioak herrirarrentzat atseginagoak egiteko prozesuari ekin dio Berako Udalak, mugikortasun eredu egokia eta jasangarriaren bidean. Bertze ekimenen artean, aparkalekuak ordenatzeko prozesua burutu dute eskola- eta denda-guneetan, Toki Onan eta Kanttonberrin jarritako herritarrentzat gordetako aparkaleku plaza berdeak ezarriz. Gainera, Trafikoaren ordenantza berriztatu da, eta une honetan badoen ordenantza ere tramitatzen ari da.

Ekimen hauek guztiek aparkalekuak ongi erabiltzeko helburua dute, guztion mesederako. Behin eta berriro erran bezala, Berako Herriko Etxetik gogoratu nahi dute «aparkatzeko arauak eta debekuak errespetatu behar direla Beran ere, bertze hirietan egiten den bezala». Hots, ezin dela aparkatu espaloietan, oinezkoen pasabideetan, mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako aparkalekuetan beharrezko txartelik gabe, garraio publikorako lekuetan, zamalanetarako aparkalekuetan horiei gordetako orduetan, bigarren lerroan, badoetan eta, oro har, seinale bertikal edo horizontalaz (marra horiaz) debekatutako eremuetan. Eta, jakina, ezin da aparkatu Kanttonberri eta Toki Onako aparkaleku berdeetan txartelik gabe.

Debeku hauek guztion eskubideak errespetarazteko ezarriak direla gogorarazi dute Udaletik. «Herritar gehienok betetzen ditugu, eta zilegitasun osoa dugu betetzen ez dutenei haien jarrera aldatzeko eskaera egiteko», dio Berako udalaren bandoak. Udalak beharrezko neurri guztiak hartuko ditu (isunak, grua ...) gizalegegabeko jarrera horiek geldiarazteko.

Jarrera horiek gelditzeko eta zuzentzeko, abenduaren 14tik 18ra aparkalekuen erabilera egokia bultzatzeko kanpaina eginen da, eta arau-hausteak zigortuko dira, ordenantzan agertzen diren isunak ezarriz. Kanpaina horretan baliabide berriak erabiliko dira, kontrol prozesua errazteko, errate baterako, arauak betetzen ez dituzten autoen matrikulak jasoko dituen kamara duen autoa, horren bitartez, zuzenean, isunen tramitazio prozesua hasiko delarik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun