'Ilargiaren atzean' antzerki emanaldia abenduaren 13an Berako Kultur Etxean

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 11a, 15:00

Nafarroako Gobernuak, Berako Udalaren laguntzarekin, familia guztiarentzako antzerki emanaldia antolatu du.

Abenduaren 13an, igandean, Malaspulgas konpainiak Ilargiaren atzean antzerkia eskainiko du 17:00etan Berako Kultur Etxean. Sarrerak egunean bertan leihatilan 16:00etatik aitzinera salgai egonen dira bortz euroren truke. Edukiera mugatua izanen da eta emanaldian maskara erabili beharko da.

Sinopsia

Ilazki bere ama Grazianarekin bizi da eta 9 urte ditu. Grazianak herriko bizilagunek kontatzen dizkioten istorioak korapilatuz, artilezko alkandorak, txaketak, galtzerkiak…josten ditu.

Ilazkiren zaletasuna egurra lantzea da. Horregatik bakarrik igarotzen duen denbora, egurra zizelkatzen pasatzen du.

Urtero, San Juan gaua iristen denean, Ilazkik ezinezkoa den desira berbera eskatzen du: ahizpa bat izan nahiko luke, elkarrekin denbora pasatu eta jolastu ahal izateko.

Ilargia eta mamorroei esker Ilazkiren desira betetzear dago. Basoaren erdian munduan bakarrik geratu den 7 urteko ume bat topatuko du Grazianak. Hilal deitzen da eta familia baten beharra dauka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun