Herriaren memoriaren parkea osatu dute Beran

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 9a, 08:00
Abenduaren 1ean memoriaren parkean ezarri zen oroigarri plaka.

Parkea udalaren eta herritarren ekimenez osatu dute eta herrian pasatutako hiru gertakari jaso dituzte.

Abenduko bigarren asteburuan, Mikel Zabalza hilik agertu zen dataren urteurrenarekin batera, zenbait herritarrek asteburu osorako ekitaldiak antolatuak zituzten. Baina, osasun egoera dela medio, ez egitea erabaki dute. Hala ere, herritarrak eta udala ez daude geldirik eta herrian gertatutako zenbait gertakari azaltzen dituzten oroigarri plakak ezarri dituzte.

Azaroan eginiko Kottoren horma-irudia, Mikel Zabalzaren horma-irudiaren ondoan paratu dute. Bertzalde, Manuel Andueza Elizalderen omenez memoria plaka bat paratu dute.

Hiru bizipen, herri bat

Memoriaren lorategi honetan hiru herri ekintzaileri gertatutakoa gogorarazi nahi izan dute. 1970eko ekainaren 15ean Manuel Andueza Elizalde beratarrak, Donostiara bidean zihoala, auto istripu baten ondorioz errepidean gelditu behar izan zuen. Guardia Zibilak, momentu hartan, hiru tiro eman zizkion bularrean.

1985eko azaroaren 25ean Mikel Zabalza Donostian atxilotu eta Intxaurrondoko komisaldegian bortizki torturatua izanaren ondorioz hil egin zen. Bere gorpua hogei egun beranduago Bidasoa ibaian, Endarlatsan, azaldu zen, oraindik, eskuburdinak paratuak zituela.

Azkenik, 2005eko urriaren 31n Jose Angel Kotto Altzugurenek Soriako kartzelan bere buruaz bertze egin zuen, jasandako tortura eta tratu txarren ondorioz.

Ekimen honen sustatzaileek «hainbat bizipen, baina historia bakar bat osatzen» dutela aldarrikatu nahi izan dute honela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun