Irati Errandonea Zozaia

«Kazetarion lana polita bezain ardura handikoa da»

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 12a, 12:00

Irati ERRANDONEA ZOZAIA, Berako kazetaria

Eskualdeko herritar aunitzendako, aurpegi ezaguna da. Pantailan bertze aldean maiz ikusi dute Irati Errandonea (Bera, 1995). 

Batzuek martxoan ETBn eman zen Zur eta Lur saiotik; bertzeek, Udak dakarrenan edo Eztabaidan programatik ezagutuko dute. Gaur-gaurkoz, azken horretan dabil eta «astelehenetik ortzegunera» horrek hartzen du bere egunerokoa: «goizean Twitterren albisteak irakurri eta telebista adituz gosaldu eta Miramonera joaten naiz, lanera». Halere, egunerokoa aldakorra da eta «ez daude bi egun berdin...».

Kazetaritzan murgilduta

Kazetaritza ikasi zuen Errandoneak, baina helburu bakar eta argiarekin: «idaztea pila bat gustatzen zitzaidan eta helburua egunkari batean lan egitea zen. Lotsatia naiz eta jendaurrean solastatzea ez dut gusuko izan...». Graduko hirugarren urtean, ordea,  praktikak eskatzear zegoela, irakasleak bertze aukeraketa bat egitera animatu zuen: «kamera aitzinean egin genuen lan baten ondorioz, irakasleak bide hori hartzera animatu ninduen eta praktikak bide horretatik egitea erabaki nuen».  Teledonostin eskatu zituen, «komunikabide ttikietan alderdi gehiago ezagutzeko aukera dagoelako...». Lehen esperientzia horrek bizitokia aldatu eta Irunera joatea eragin zion arren, «izugarria» izan zen berarendako: «denetarik ikasi nuen, editatzen, idazten, kamera erabiltzen... eta, lehenbizikoz telebistan atera nintzen!». Hasierako urduritasuna ongi oroitzen du: «lehenbiziko eguneko grabaketarako bezperan testua prestatu nuen, entseatzeko».  Udako praktikaldia zena lan bihurtu zen gero eta hori ikasketekin uztartzea «ez zen erraza izan». Laneko «gidoia idatzi,gaiak aukeratu, elkarrizketak egin, prentsaurrekoetara joan...» behar izaten zuen eta, horrez gain, «unibertsitateko lanak eta azterketak prestatu». Aitortu duenez, «lehenbiziko hilabeteak ez ziren errazak izan» eta okerrena Gradu Amaierako Lana izan omen zen: «lanean hasi nintzenerako proiektua erdi egina nuen baina aurkezteko denbora banuela eta, alde batera utzi nuen... Kazetari gisa lanean urteak daramatzadan arren, azken lana joan den ekainean aurkeztu nuen, konfinamendua ailegatu behar izan da titulua eskuratzeko...». 

«Zuzenekoak berriz ikusten ditut akatsetatik ikasteko»

Teledonostitik ETBra

Hasiera «gogorra» izan zen arren, pixkanaka, pantailaren bertze aldean lan eginez, bide hori gustuko duela ikusi du beratarrak.  Hala, Teledonostin hasitakoari ETBn eman dio segida. Zur eta lur izan zen bere lehenbiziko esperientzia, pandemiaren ondorioz egun guttiren buruan eten behar izan zen saioa. Hilabete batzuk lanik gabe egon ondotik, Udak Dakarrena saioan aritzeko deitu zioten: «Euskal Herriko txoko politenak ezagutzeko eta pintxo goxoenak probatzeko aukera izan nuen eta heldu den urtean errepikatzea espero dut».  Orain, berriz, Eztabaidan programan ari da: «orain artekoetatik hagitz bertzelakoa da eta ikuspegia aldatzea kosta egin zitzaidan baina taldeak aunitz lagundu dit». Momentuz, abenduaren 17ra arte luzatuko da eta «ordura arte taldean segitzea espero dut».   Teledonostitik ETBra «aldaketa handia» sumatu du Errandoneak: «Teledonostin Irunen egiten nuen lan, Donostian zegoen taldetik urruti. Lehen ia bakarrik aritzen nintzen, eta orain talde bateko kide naiz». Lan egiteko moduari dagokionez ere, antzeman du aldaketarik: «Teledonostin aitzineko egunean prestatzen genituen saioak; ETBn, ordea, gaurkotasunak du garrantzia». Gainera, «Teledonostin ez bezala, ETBk aitzineko eguneko saioaren audientziaren berri bidaltzen digu. Zenbaki horrekin ez itsutzen saiatzen gara baina beti ez da erraza». 

«Sare sozialetako informazioarekin kritikoagoa naiz orain»

Ikasteko eta aitzinera egiteko gogotsu 

Ikusiz ikastea du momentuz lehentasun. Horregatik, grabaketen ondotik, bere burua telebistan ikusten du kazetari gazteak: «behin eta berriz aditu eta ikusiz aunitz ikasten dut. Neure akatsetatik ikasi behar dut. Horregatik, zuzeneko bat egin eta gero, etxera ailegatu bezain agudo, berriz ikusten dut, ongi eta gaizki egindakoa ikusi eta hobetzeko». Lagun eta ingurukoen iritziak ere lagungarri zaizkio: «ia beti zoriondu egiten nauten arren, noizbait elkarrizketa bat ez bazaie gustatu, egia erran didate. Hori aunitz eskertzen dut, hobetzeko moduetako bat da». Ekarpen guztiak gustura hartzen ditu «gure lana polita bezain ardura handikoa» delako eta ikusleek informazioa ahalik eta zuzenen jasotzea merezi dutelako.  Harro dago hartutako bideaz, baita horrek eman dionaz ere: «lagun aunitz egin ditut kazetari naizenetik eta lotsa pixka bat galdu dut. Horrez gain, sare sozialetatik ailegatzen zaigun informazioarekin kritikoagoa naiz orain».  Errandoneak argi ikusi du probatu gabe ez dagoela gustukoa duguna zer den jakiterik. Hortaz, «kazetaritza ikasten ari den edozeini probatzeko erranen nioke. Hori baita gustukoa zer den jakiteko modu bakarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun