ANE TELLETXEA

«Emakumeek aurrerapauso ederra eman dute bertsolaritzan»

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 12a, 10:00

Ane TELLETXEA IGOA, gazte lesakarra

Bederatzi urte zituenetik dabil Bortzirietako Bertso Eskolan gazte lesakarra eta bere erreferenteen artean Estitxu Arozena bertsolaria nabarmentzen da. 

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Lesakako hemeretzi urteko neska alai, bestazale eta saltsera samarra!

Zein dira zure zaletasunak?

Zaletasun anitz ditut, baina lau aipatzearren bertsolaritza; musika, edozein motatakoa; besta eta mendia erranen nituzke.

Noiztik zabiltza Bortzirietako Bertso Eskolan?

Bederatzi urte nituenetik nabil Bortzirietako Bertso Eskolan.

Zer da bertsolaritzatik gehien gustatzen zaizuna?

Orokorrean dena: sortzen den giroa, jendearekin duzun harremana, bertsoetako inprobisazioa... Bertsolaritzaren mundua anitz gustatzen zait!

Bertsolaritzan erreferenterik baduzu?

Bertsolari bakoitzak bere xarma du, eta zail egiten zait bakarra aukeratzea. Baina, aukeratu beharko banu, Estitxu Arozena aukeratuko nuke, bera izan baitut irakasle betitik.

Nola ikusten duzu emakumea bertsolaritzan?

Emakumeek izugarrizko aurrerapausoak eman dituzte. Hori ukaezina da. Baina oraindik egiteko anitz dago, eta hor guk zeregin handia dugu.

Besta ere gustuko duzula aipatu duzu, zein da gustukoen duzun besta?

Besta herrikoak dira gehien gustatzen zaizkidanak. Inprobisatuak, besta egiteko intentziorik gabe atera eta eguna argitutakoan etxera itzultzen zaren horietakoak. Horiek dira hoberenak! Tamalez, aurten horrelako gutxi egin ahal izan ditugu.

Mendian ibiltzeko ohitura omen duzu, eskualdeko mendietan edo kanpokoetan ibiltzen zara?

Beti hemen ibiltzen naiz, bertakoa beti nahiago izaten da  (irri artean).

Zein da gehien gustatzen zaizun eskualdeko mendia?

Lesakako Agiña mendia anitz gustatzen zait, nahiz eta, bertara gehienetan kotxez joaten naizen. Toki polita da oinez egun pasa lasai bat egiteko.

Zer da Lesaka herria berezi egiten duena?

Bertze herriek zer duten ez dakit, baina Lesakak bere leku, giro, jende eta bestengatik xarma berezia duela erranen nuke.

Amets bat?

Anitz ditut. Baina bat erratekotan, nire ingurukoak eta nik momentuaz gozatzen segitzea!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun