Amiantoaren aurka pausoak emanez

Ttipi-Ttapa 2020ko abe. 13a, 10:01
Pako Terrerosek 81 urte ditu eta 32 urtez Lesakako lantegian aritu zen. Denbora luzez amiantoarekin lanean aritu zirela dio.

Lesakako Laminaciones lantegiaren ondorengo enpresetako batek langile bat amiantoaren ondorioz hil zela onartu du eta hori positibotzat jo du LABek. Halere, oraindik amiantoa badagoela eta, ardurak eskatu dizkio Arcelor-Mittali. Pako Terreros langile ohiak, berriz, amiantoa «aunitz» erabili zutela dio.

«Lesakako Laminaciones fabrikan amiantoa zegoenik ezin du inork ukatu». Hori argi eta garbi utzi nahi izan du Pako Terreros Arcek. Sortzez errioxarra da, aspaldian Lesakan bizi dena, eta 32 urtez Lesakako lantegian aritua, 1995ean erretiroa hartu zuen arte: «hasierako hiru urtetan muntatzaile, gero hamar urtez elektrikari eta ondotik produkzioan». Ezaguna du fabrika barreneko orduko martxa, eta amiantoaren erabilera «hagitz ohikoa» zela azaldu digu: «aunitz erabiltzen genuen produktua zen. Isolatzaile ona zen, beroarekin erabiltzeko material ona, eta gainera, merkea». Tailerrean ikusi zuen lehenbizikoz amiantoa: «amianto-biribilkiak izaten genituen, moztu eta horiek erabiltzen genituen, bertzeak bertze, labeetako junturetan.  Hausten baziren edukiontzietara botatzen genituen bertze hainbat materialekin batera, handik zabortegira eramateko. Hagitz erabilia zen eta edozeinek erabiltzen genuen. Kasu jakinetan erabiltzen genituen eskuzorroak ere amiantozkoak ziren eta egituran ere amiantoa zegoen». Erran digunez, «bagenekien amiantoa zela, baina ez genekien benetan zer zen».

Teo Vilaren kasua aurrekari

Terreros baino sei hilabete beranduago hasi zen Teo Vila Lesakako lantegian.30 urtez Laminacionesen aritu ondotik, duela lau urte, pleurako mesoteliomaren edo pleura minbiziaren ondorioz hil zen Vila.

Asier Calderon Baztan-Bidasoko LABeko koordinatzailearen hitzetan, «Vila amiantoarekin aritu zen lanean eta horrek eragindako patologia baten ondorioz hil zen. Hil baino hilabete gutti batzuk lehenago diagnostikatu zioten gaixotasuna eta bat-bateko heriotza izan zen». Orduan erabaki zuen «bere alargunak, ardurak eskatuz, enpresaren aurkako borroka» abiatzea. «LAB sindikatuarekin eta Zuzenki bulegoarekin batera senarraren heriotza lanari lotutako gaixotasuna izan zedin onartzeko bideari ekin zion».

Lau urte beranduago ailegatu da erantzuna. Baina Calderonen hitzetan, bidea «luzea eta zaila» izan da, «bertzeak bertze, ez Lesakako Laminaciones, ez ondorengo enpresak ez daudelako RERAn edo amianto arriskua duten enpresen erregistro ofizialean sartuak. Zerrenda horretan agertu izan balitz, eta langile ohiaren heriotza amiantoaren ondoriozko patologia batek eragin izan balu, ardura enpresarena izanen litzateke». Kasu honetan, ordea, horren faltan «Vilaren lankideen testigantzak» eta «amiantoarekin lan egin zela erakusten zuten egiaztagiriak ezinbertzekoak» izan omen dira «Lesakako plantan amiantoa non, zein garaitan eta zein modutan landu zuten zehazteko».

Bide horretan bere aletxoa paratu du Terrerosek eta kontent dago Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak Vilaren heriotza Laminacionesen amiantoaren eraginpean egon izanaren ondorio izan zedin bere ekarpena egin duelako: «2016an nire testigantza jasotzeko deitu zidatenean,ez nuen zalantzarik izan». Bere irudiko, «aunitzek gaiari buruz solastatzerakoan beldurra sentitzen dute». Berak, ordea, ez: «nik ez dut gezurrik erran. Inork ezin du ukatu lantegian amiantoa zegoenik eta Vilaren emazte eta alabari justizia pixka bat egiten laguntzeko balio izan badu, hagitz kontent nago. Kalte-ordainak jasoko dituztela adituta izugarrizko poztasuna sentitu dut».

«Kalteak zuzentzeko eskatzen diogu Arcelorri» 

Asier Calderon, LAB sindikatua

Hiru borroka

Calderonek hiru borrokatan bereizi du Vilaren prozesua eta horietako bitan «garaipena lortu» izana nabarmendu du.  «Lan heriotza aitortzearen ondorioz lortu zen lehen garaipena, alargunari alargun pentsioa handitu baitiote. Bigarren garaipena familiak eskatutako kalte-ordainak jasoko dituela baieztatzea izan da». Hain zuzen, epaiketarik gabe, Laminacionesen ondorengo enpresetako batek, Cofivacasak, alargunari 133.000 euro eta alabari 27.000 euro ematea onartu zuen irail  hondarrean. Prozesua, ordea, oraindik ez da bukatu. Hirugarren epaiketa falta da: «enpresak segurtasun neurriak ez betetzeagatik jasotako prestazioen errekargua onartzeko eskaera». Berez, azaroan egitea aurreikusia bazen ere, osasun egoera tarteko gibelatu behar izan dute, baina LABekoak «epe motzean eginen den epaiketa» izanen dela argitu du.    

Arcelor Mittali eskaera

Calderonen ustez, «frogatuta» gelditu da «Lesakako Laminacionesen urte luzetan amiantoarekin lan egin zela». Eta «aurrekari garrantzitsutzat» jo du enpresak langile bat amiantoaren ondorioz hil zela onartu izana. «Urte aunitz daramatzagu hori aldarrikatuz, urte aunitz hori aitortzeko eta arazoari irtenbidea emateko bitartekoak eskatuz eta Vilaren kasuarekin aurrekari hori lortu da». Baina «Vilarena ez da kasu isolatu bat», azpimarratu nahi izan du: «ehunka langile dira fabrika horretan amiantoarekin lan egindakoak. Diferentzia bakarra Vilaren alargunak borrokari ekitea erabaki izana da».

Bide horretan, Arcelor-Mittali luzatu dio LABek mezua, «bera baita orduko lantegiaren produkzioa edo jarduera ekonomikoa heredatu duena eta ezin dio bere ardurari uko egin». Hori horrela dela iritzita, «kalteak zuzentzeko» eskatu dio enpresari; alde batetik, «amiantoaren eraginpean izan diren langile guztien zerrenda» eta bertzetik, «langileen osasuna prebenitu eta zaintzeko plana» exijituz. Lesakako langileetatik haratago luzatu du mezua: «fabrika horretan urteetan bertze lantegietako langileek lan egin dute eta horiek identifikatu behar dira».

Langileen zerrenda eta aldizkako mediku azterketak exijitzeaz gain, «amiantoa non izaten ahal den identifikatzeko eta garbitzeko plana» nahi du LABek: «ziurtzat jo dezakegu oraindik ere amianto arrastoak badirela eta arriskuak hor segitzen du. Labeetako junturetan amiantoa erabili bazen, labeak aktibo egon edo ez, amiantoa hor egonen da. Egituran ere badira amiantoa izan dezaketen hainbat elementu, uralitazko plakak, adibidez».

Irailaren 29an, Teo Vilaren kasuaren epaiketa egitekoa zen egunean, elkarretaratzea deitu zuen LABek Iruñean.

Amiantoa eta gehiago

Terreros amiantoaz eta gehiagoz mintzatu da. Bere hitzetan, «segurtasun indibiduala Lesakan adina toki guttitan zaindu izanen zen: arnesak, tapoiak, botak, antiojoak, eskularruak, kaskoak, buzoak... Enpresak eskatutako guztia ematen zuen. Baina amiantoarekin ez zen inolako segurtasun neurririk hartu; ez amiantoarekin, ez zianuroarekin, ezta azido sulfuriko edo klorhidrikoarekin ere». Elektrodeposizioan, erraterako, «mila kilo zianuro» izaten zirela dio: «materialak itsasgarritasun ona izateko zianuroa erabiltzen genuen». Langile ohiak «basakeriatzat» jo ditu «lantegian egin ziren ekintza aunitz. Tximiniatik ikusi egin behar izaten zen nolako kea ateratzen zen, edo azido sulfurikoa solido egiten zenean kamioiak eraman arte mukuru batean uzten zen. Haizeak zenbat zabaltzen ote zuen... Zintzurrean pixka bat pikatzen zuela kexu zen jendea, baina gainerakoan, lanik gabe gelditzeko edo fabrika ixteko beldurrez, denak isilik. Hori guztia irensten aritu gara orain gutti arte eta onartezina da». Aitortu digunez, 26 urte badira jubilatu zela, eta «orain ez dakit zer martxa duten fabrikan», baina «bai airean bai urean kontrol gehiago jarri beharko lituzketela» iruditzen zaio, «azidoak eta olioak kontrolatzeko».

«Urteetan aunitz erabili izan dugu amiantoa»

Pako Terreros, langile ohia

Egiteko lan handia 

Calderonek, bere aldetik, «positibotzat» jo du «amiantoaren aurkako borrokan» orain arte lortutakoa, baina aitzinera begira «lan mardula» gelditzen dela dio. Vilaren kasuak «jendea motibatzeko» balio izatea nahi luke. Eta horregatik, senideei «halako patologien ondorioz izan diren heriotzen kasuan, aitortza exijitzeko» eskatu die, eta «patologiarik garatu ez duten langileei beharrezkoak diren mediku probak exijitzeko» deia egin die: «eta ez Lesakako fabrikan aritu direnei bakarrik. Bakoitzak badaki amiantoaren aritu den edo ez».

Amianto arriskua duten enpresak

Nafarroako Gobernuak urtero eguneratu eta argitaratzen du RERA edo amianto arriskua duten enpresen erregistro ofiziala. Azaroan egin du aurtengoa, Nafarroako Gobernuaren webgunean ikusgai dagoena, eta zerrenda horretan dauden Nafarroako 63 enpresen artean Laminaciones lantegia ez da ageri, ezta bere ondorengoak ere. Eskualdeko bertze bi ageri dira: Sunbillako Sasoi Eraikuntzak eta Alkaiagako Transbidasoa enpresa. Erregistro horren arabera, Sunbillako enpresa 2012ko apirilaren 26tik zerrendan erregistratua dago eta Transbidasoa 2016ko apirilaren 22az geroztik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun