Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketan lehen txapela jantziz bueltatu dira goma gainera Beti Gazteko mutilak

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 30a, 10:00
Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketan indartsu bueltatu dira Beti Gazteko tiralariak. Lehen txapela lortu dute gizonezkoek eta txapeldunorde izan dira emakumeak.

Azaroaren 28an Getxon jokatutako lehen jardunaldian txapeldun orde izan da emakumeen taldea

Otsailean Irlandan Munduko txapelketan parte hartu zutenetik lehiatu gabe zeuden Lesakako Beti Gazteko sokatira taldeko neska-mutilak. Azken hilabete hauetan, entrenatzeko ere nahiko lan izan dute, Covid-19ak sortutako egoeragatik. Azkenean, pixkanaka hasi dira eta asteburu honetan izan dute lehiara itzultzeko aukera. Hain zuzen ere, Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketako lehen txapelak erabaki ziren Getxon larunbatean eta Beti Gazteko mutilek 320 kiloko txapela jantzi zuten eta emakumeak txapeldunorde izan ziren 260 kiloko kategorian.

Beti Gazteko gizonezkoek, 320 kiloko kategorian, tiraldi guztiak irabazi zituzten eta nagusitasunez lortu zuten txapela. Gibeletik sailkatu ziren Ibarra, Txantrea eta Antsoain. Talde txapeldunean, Ander Mitxelena, Beñardo Iantzi, Eneko Saldias eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Paskual Taberba erakusle eta Iñigo Altzugarai laguntzaile zutela.

Emakumezkoen 260 kiloko kategorian ere ongi aritu ziren Beti Gazteko emakumeak, baina bigarren izan ziren, Ibarraren gibeletik. Gipuzkoarren kontrako tiraldiak galdu zituzten, baina gainerako guztiak irabazi. Txantrea hirugarren izan zen, Antsoain laugarren eta Berriozar bosgarren. Amaia Leiza, Maddalen Lopez, Maria Iantzi eta Irantzu Goienetxe aritu ziren Beti Gazteko laukotean tiran, Joxe Angel Mitxelena erakusle eta Ainhoa Ubiria laguntzaile zutela.

 

Abenduaren 19an berriz ere Getxon

Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketako bigarren eta hondarreko jardunaldia abenduaren 19an jokatuko dute leku berean. Kasu honetan, emakumeak 240 kiloko kategorian ariko dira. Beti Gazte, Txantrea, Ibarra eta Antsoain ariko dira lehian. Gizonezkoak, berriz, 300 kilotan ariko dira. Beti Gazte, Txantrea, Ibarra eta Antsoain ariko dira goma gainean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun