Berako Udalak ostatuetako terrazak irekitzeko laguntza eskainiko du

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 30a, 12:00
Zenbait tokitan aparkalekuak kentzeko edo karrikaren bat trafikoari ixteko aukera eskainiko dute.

Covid-19 pandemia egoera «luze eta zail» honetan, Berako Udala «ahaleginak egiten ari da» herriko komertzio txikia, ostalaritza eta zerbitzuak bultzatzeko. Azaroaren 26tik aitzinera, «tabernari hauek laguntzeko eta herritarrei terrazan egoteko aukera emateko», egoerak iraun bitartean, ostalariei terrazak haunditzeko aukera eskaini die.

Horretarako, «tabernaren inguruan dagoen espazio publikoa» eskainiko die. Ostalari bakoitzaren esku geldituko da aukera hori onartzea edo ez eta «ordutegia (gehienez 21:00ak arte), mahai eta aulkien kokapena eta bertzelako segurtasun neurriak betetzeko plangintza aurkeztu beharko dio udalari». 

Gaineratu dutenez, aukera hori gauzatu ahal izateko «hainbat aparkaleku kentzen ahal izanen dira karrika batzuetan, edo karrikaren bat trafikoari itxiko zaio, terrazaren ordutegi barruan». Egoera horrek ondoko karrika hauei eragiten ahal izanen die, tabernariek aurkeztuko duten plangintzaren arabera: Julio Caro Baroja eta Uraldea. Dena den, «tarte horiek erabilgarriak izan beharko dira herritarrentzat momentu guztian».

Kasu guztietan «oinezkoen ibilbidea eta portalen eta garajeen sarbidea» segurtatuko direla jakinarazi dute, segurtasun distantziak errespetatuz.

Bide batez, Udalak barkamenak eskatu ditu: «badakigu egoera horrek eragina izaten ahal duela hainbat herritarrengan, eta barkamenak eskatu nahi dizkiegu jasaten ahal dituzten eragozpenegatik. Baina, arrazoiak ulertu eta herriko tabernari eta dendariei laguntzeko beharrarekin bat eginen dutelakoan gaude».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun