Ehun urte bete ditu azaroaren 29an Mercedes Barrenetxeak Beran

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 30a, 07:00

Familiako kide batzuekin batera ospatu ahal izan zuen eta Herriko Etxearen oroigarriak ere jaso zituen

1920ko azaroaren 29an jaio zen Noainen Mercedes Barrenetxea Oteiza eta bere mendeurrena ospatu zuen ehun urte beranduago Beran. Tartean, noski, hainbat bizipen bizitutakoa da.

Aitaren lanbideak, errepideetako langileburua zen, Goizuetara eraman zuen bizitzera eta bertan, Ollingo meatzeetan lanean ari zen Eusebio Iñiguez Irazoki beratarra ezagutu zuen. 1941ean ezkondu ziren Goizuetan bertan eta handik Berara joan ziren bizitzera. Lau seme-alaba izan zituzten, eta hauek zazpi biloba eta lau birbiloba eman dizkiete. Legia karrikan Leizak zeukan etxeko-tresna dendan aritu ziren senar-emazteak. Eusebio duela urte batzuk hil zen.

Bitxikeria gisara, aipatzekoa da Eusebio senarra zena Luis Mariano abeslariaren lagun handia zela. Mertxe alabak, Luis Marianok aitari 1935eko urrian eta 1936ko urtarrilean bidalitako bi eskutitz gordetzen ditu.

Igandean ospakizun xumea izan zuten Mercedesen etxean, egoerak aginduta, ez nahi adinakoa. Gipuzkoan bizi den seme eta bilobaren batek ere ezin izan zuen etorri. Berako Herriko Etxeak ere bere oroigarria eman zion Herriko Etxeko Plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun