Keinu-Leihoak Antzerki Zikloaren hamaseigarren edizioa antolatu du Mairu Antzerki Tailerrak, Lesakako Udalaren eta Arranoren laguntzaz. Mairu Antzerki Tailerrak dioenez, «normaltasun berria deitzen diote, baina dena da arraroa azken aldian, itsusiagoa, desberdina. Eta desberdintasunik badu aurtengo Keinu-Leihoa ere, egoerak horrela behartuta Keinu-Leihoen 16. edizioa, 2020an hasi, eta 2021ean bukatuko baita. Arraroa, itsusiagoa, desberdina… baina pareta zartatuetan ere bada lorerik. Ohikotasunetik ere izanen du, eta Keinu-Leihoaken normala izaten den bezala, aspaldiko lagunak eta proposamen berriak izanen ditugu gurekin».
Abenduan bi emanaldi izanen dira Harriondoa Kultur Etxean, biak 18:30ean hasita.
Abenduaren 3an, ortzegunean, Gaztelondon zer berri? taularatuko dute Mixel Etxekopar, Dominika Rekalt, Jean Christian Galtxetaburu eta Pierre Visslerek. Etxahun Barkoxen inguruan dabil ikusgarri hau.
Pierre Toper Etxahunen kantuen eta biziaren giroan sartzen da, soinuz, musikaz eta kantuz, bistan da. Kantu ezagunak eta ez hain ezagunak. XIX. mendeko ingurumenean sartzen gara, orduko araudi sozial eta moralari paratuz. Trajediak badu lekua antzezlanean, baina baita komediak eta umoreak ere. Etxahun poeta erromantikoa izan zen eta bere garaikoa, bertsoak eta kantuak zuten garrantzi handiarekin jendartean.
Abenduaren 5ean, larunbatean, Tribiz, baserri galdue antzeztuko du Jon Ander Urrestik.
700 urtetik gora dituen Bizkaiko baserririk zaharrenaren aurrean bizi naiz, atez ate. Edo honetaz geratzen den harri eta haga erorien aurrean. Gure familiaren azken belaunaldiko elkarren arteko gatazkek utzi zuten 1800 metro karratuko baserria arkeologia objektu bihurtzen. Baserri bat gelditzen den momentuan erortzen hasten baita. Zortez, akzioak erreproduzitzeko dokumentu batzuk kontserbatzen ditugu: Lan tresnak.Tresna hauek, lanaren nostalgiaren inguruan zabalduko digute gogoeta: Akzio hauek ote dira gure ondarerik handiena? Baserritarren bilobak aktoreak dira gaur egun: eszenaren bizitza, akzio eta tresna horien oihartzunaren erabilera bilatzen duten baserritar posmodernoak. Egungo gaia da baserriarekin dugun gatazka: erabilera galtzen ari den ondarearekin zer egin?
Azken emanaldia urtarrilaren 8an izanen da Arranon. Gilkitxarok ETAren agiri bulegoa antzeztuko du.
Petral Bilbao ETAren agiri bulegoko langilea da. ETAren zigiluak banatzea da bere eginkizun bortitza. Makal Xiberu bulegora dator, eginkizun sekretu batekin. Petralek, ordea, arnasa hartzeko denbora eman gabe, bestea ezustean harrapaturik, ETAren agiria lortzeko probak ezarriko dizkio. Metraileta baten erritmora bizi den komedia.