Agiñako errepidea egiten bortxazko lanean aritutako gatibuak gogoratuz, oroitarriak paratu ditu Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 27a, 11:00

1939-1942. urteen bitartean, diktadura frankistaren lehenbiziko urteetan, Lesaka eta Oiartzun lotzen dituen errepidea egiten aritu ziren Langile Batailoietako gatibuak gogoratzeko, hiru totem paratu berri ditu Lesakako Udalak: Erdiko-Errotan, Agiñan eta San Antonen. «Historia errepikatu ez dadin, denok ezagutu dezagun gure herriaren eta herritarren iragana»

«Gosea eta egurra»

Baldintza gogorretan eta bortxaz lanean aritu ziren pertsonak omendu nahi ditu Lesakako Udalak, 4.000 gatibutik goiti. Horretarako, hiru oroitarri jarri ditu bertze hainbat tokitan: Erdiko-Errotan, Agiñan eta San Antonen. «Historia errepikatu ez dadin, denok ezagutu dezagun gure herriaren eta herritarren iragana. Behin, hemen, giza eskubideak urratuak izan zirela ahantz gabe, bakea eta bizitza ditugu helburu» adierazi dute udaletik. Ekimen hau Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Memoriaren Institutuak, Memoriaren Bideak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak lagundu dute.

Euskal Pirinioetan lau errepide ireki zituzten gerrako gatibuekin

1939-1942 urteen artean, Erronkari eta Jaizkibel artean, gutienez 21.000 preso antifaxista aritu ziren mugako gotorlekuak eta errepideak eraikitzen. Lan horiekin muga babestu nahi zuten, erbesteratutako errepublikarren aldetik edo Mundu Gerraren eztandatik etor zitekeen erasoaldi baten aitzinean.

Helburu horrekin, Langile Batailoietako milaka preso eraman zituzten Pirinio aldera eta han eduki zituzten Presoen Kontzentrazio Esparruetako Ikuskaritzaren menpe.

Nafarroan, 8.800 gatibu inguruk, 4 errepide ireki zituzten: Bidankoze eta Igal lotzen dituena, Egozkue eta Iragi artekoa, Irurita eta Artesiaga lotzen dituena eta, luzeena, lanesku gehien behar izan zuena, Lesaka eta Oiartzun artekoa. Azken honetan 4.000 presotik goiti aritu ziren lanean.

Tropa frankistak Bidasotik kostaldera mugitzerakoan bide bat izateko ireki zuten errepide hau, Agiña eta Aritxulegitik barrena, honela, mugaren bertze aldeko erasoak saihesteko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun