Igantziko Kultur Astea ekitaldiz gainezka dator

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 30a, 08:00

2017an eginiko Kultur Asteko argazkia. Egilea: Oskar Txoperena.

Abenduaren 3tik 8ra solasaldia, bertso jarriak, Pettiren kontzertua, dantza, zirku tailerra eta bakarrizketa izanen dira.

Osasun larrialdian egonik ere, kultur ekitaldiek ez dute huts eginen Igantzin abenduan. Urtero bezala, zubia aprobetxatuz, egitarau zabala prestatu du euskara batzordeak, abenduaren 3an hasi eta 7ra arte.

Hasteko, abenduaren 3an Andoni Espartzak hitzaldia eskainiko du, Zazpiak bat, Euskal Herriko armarriaren historia gai hartuta. Hitzaldia Baratzondon izanen da, 19:00etan.

Abenduaren 4an, ortziralea, Eñaut Agirre eta Unai Agirre bertsolarien saioa izanen da, bertso jarrien inguruan. Auskalo zeinek jarriak emanaldia eskainiko dute, Imanol Kamio eta Joxan Goikoetxea musikariek lagunduta. Emanaldi hau ere Baratzondon izanen da, 19:00etan.

Larunbatean, abenduak 5, Pettik kontzertua eskainiko du, 19:00etan, Baratzondon.

Igandean, abenduak 6, goiz- arratsaldez izanen dira ekitaldiak. Hasteko, 12:00etan, herriko dantzariek eta kankailuek herri buelta emanen dute. Arratsaldean, 16:00etatik aitzinera, Ameli ipuinen jostuna ipuin kontalariaren saioak izanen dira. Osasun egoera dela eta, haurren adinaren arabera hiru emanaldi eskainiko dira: 16:00etan 3-6 urtekoentzat, 17:00etan 7-9 urtekoentzat, 18:00etan 10-12 urtekoentzat.

Astelehenean, abenduaren 7an , Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenak Bakean dagoenari bakean utzi binakako bakarrizketa komikoa eskainiko dute, Baratzondon, 19:00etan.

Azken ekitaldia abenduaren 8an izanen da, 18:00etan, Baratzondon Aukera gazteak pelikula pantailaratuko dute.

Euskara batzordeak herritarrak animatu nahi ditu garai triste hauetan kultur ekitaldietan parte hartzera. Emanaldietan gaur egun legez bete behar diren edukierak eta distantziak errespetatuko dituzte, eta norberak maskara ekarrita, segurtasun osoz eginen dira ekitaldiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun