Kirol merituari zilarrezko domina eskuratu du Alberto Retegi txirrindulari beratarrak

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 26a, 09:00
Berako Gure Txokoa Elkarteak proposatuta, Alberto Retegi Albisturrek Nafarroako Gobernuaren kirol merezimenduaren zilarrezko domina jasoko du, txirrindularitzan 40 urte inguru eman ondoren.

40 urtez Gure Txokoa elkarteko txirrindularitza taldeko arduradun eta txirrindularitza eskola sustatzeagatik zilarrezko domina eman diote.

Nafarroako Gobernuak 2020ko Kirol Merituari  Zilarrezko dominak banatu zituen azaroaren 25ean. Denetara 22 zilarrezko domina banatu zituzten eta horietako bat Alberto Retegi Albistur beratarrari eman zitzaion. Tamalez, Covid-19a dela eta ez da ekitaldi presentzialik egin, baina, aitzinerago egitea ez da baztertzen.

Alberto Gure Txokoako Txirrindularitza Saileko arduraduna izan da 1985etik gaur egun arte. Nahiz eta urte batzuetako atsedena hartu, urtero elkarteak antolatzen dituen probetan lagundu du.

Gure Txokoaren Txirrindularitza Eskolan sartu zen 80. hamarkadan, eta handik sortu zen, inguruko klubekin batera (Gure Txokoa, Beti Gazte, Erreka, Baztandarra eta Beratarra) Urtxintxa kluba, kadete eta gazte mailetako txirrindularientzat.

Urteetan zehar, gaztetxoak karreretara eramateaz arduratu zen, talde horretako zuzendari lanak eginez. Eskola horretatik heldu ziren profesionaletara Patxi Vila, Jon Bru eta, urte batzuk geroago, Joseba Larralde beratarrak.

Gure Txokoa Elkarteko Txirrindularitza saileko arduradun bezala, eta teknologia berriak iritsi aitzinetik, inguruko txirrindulari amateurrei fitxak egiteaz arduratu zen, eta oraindik arduratzen da. Eginkizun hau betetzeko Iruñera egin zituen bidaiak ez ziren guti izan,eta beraz; txirrindularitza munduan hagitz ezaguna da.

Gainera, Nafarroako Txirrindularitza Federazioko Zuzendaritza Batzordeko kide izan zen lau urtez.

Gaur egun Beran, kadete eta gazte mailako txirrindularitza lasterketak egiten jarraitzearen arduradun bera da. Zehazki, Errandonea Memorialak aurtengoa 42. edizioa izan du.

Azken urteotan, inguruko hainbat klubekin batera: Gure Txokoa, Beti Gazte, Erreka, Baztandarra, txirrindularitza eskola sustatzen ari da, herri ezberdinetan hainbat proba antolatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun