'Uskaldunak garen ezquero' hitzaldia abenduaren 2an Berako Kultur Etxean

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 30a, 17:00
Hizlariek, Mikel Tabernak eta Ekaitz Santiziliak, garai hartako testuinguru soziohistorikoaz eta testuaren egileez solas eginen dute.

Abenduaren 2an, 19:00etan, Kultur Etxeko erakusgelan Mikel Tabernak eta Ekaitz Santaziliak Berako udal artxiboan gordetako 1822ko eskuizkribuaz ariko dira.

Berako Udal Artxiboan gordetako 1822ko eskuizkribua

Solasaldiak oinarritzat hartuko du Berako Udal Artxiboan gordeta dagoen 1822. urteko eskuizkribu bati buruz egindako ikerketa lana. Euskal testu administratibo bat da, herriko batzarrean irakurtzeko prestatua eta euskararen kanpo eta barne historia osatzeko gako batzuk ematen dituena.

Uscaldunac garen ezquero testu honen lehenengo hitzak dira, “elkar hobeki aditzeko” asmoz beratar guztiei zuzendutako euskarazko idatzia.

Hizlariek garai hartako testuinguru soziohistorikoaz eta testuaren egileez solas eginen dute, dokumentuaren edukia komentatuko dute eta bertako euskarak berrehun urte hauetan izan dituen aldaketetako batzuk aipatuko dituzte.

Ekaitz Santazilia Salvador (Iruñea, 1987). Euskal Filologian lizentziaduna eta hizkuntzalaritzan doktorea, Nafarroako Unibertsitate Publikoan dihardu irakasle. Hizkuntz tipologia, euskararen historia eta testu zaharrak ditu ikergai, eta hainbat lan eman ditu argitara gai horien gainean. Horrezaz gain, Nafarroako Gobernuak argitaratzen duen Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren zuzendaria da, baita euskararen historiaren gaineko ikerketa gizarteratzea xede duen Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen elkarteko presidentea ere.

Mikel Taberna Irazoki (Alkaiaga; 1957) Biologian lizentziaduna. Helduen euskara irakasle eta itzultzaile lanean hainbat urtez aritua da. Idazle gisara baditu lan batzuk argitaratuak, narrazioan bereziki (Txokolatezko dinamita, Ibaiak nahi duen tokiraino, Alkasoroko benta). Harritik hazia antzezlanean esku hartu zuen. Hedabideetan kolaborazioak eginak ditu eta aritzen da (Ttipi-Ttapa, Xorroxin irratia, Euskalerria irratia, Bertsolari, Argia). Bertsolaritzan ere aritua da: gehienbat gai-jartzaile eta aurkezle lanak egin ditu.

'Uscaldunac garen ezquero' faksimilaren argazkia

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun