Datorren urterako 3.587.865 euroko aurrekontua onartu du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 25a, 12:00
Itzeko Portu etxean interpretazio zentroaren proiektuarekin segitzeko 64.000 euroko dirulaguntza espero du datorren urterako Berako Udalak.

Inbertsioetarako 470.000 euro bideratuko dituzte: aipagarrienetako batzuk, Toki Ona Institutuko patioan estalpea egiteko 420.000 euro eta Porttu interpretazio zentroaren proiektuarekin segitzeko 64.000 euro.

2021eko aurrekontuak behin behingoz onartu ditu Berako udalak ahobatez azaroaren 23ko osoko bilkuran. Guztira 3.587.865,54 eurokoa da. iaz baino 151.278,70 euro gehiago. Aurtengoan ezin izan dituzte kontuak berdindu mailegurik aurreikusi gabe.  90.000 euroko mailegu bat hartzea aurreikusi du Berako Udalak eta, aurten bezala, beharrik ez badago ez da erabiliko. Hala ere, zorra gutxitzen segituko du udalak 2021ean, maileguen amortizaziorako 94.000 euro jarri direlako. 

Covid-19aren pandemia dela eta 2020ko aurrekontuaren exekuzioa ahalbidetzeko hainbat partidetan aldaketak egin behar izan dituzte. «Heldu den urtean egoera berean egon gaitezke, osasun larrialdia anitz hobetzen ez bada behintzat. Ziurgabetasuna da nagusi, osasunak izanen du lehentasuna eta horretara bideratu beharko dugu dirua ere», aipatu digu Aitor Elexpuru alkateak.

Bertze gauza aipagarri bat, Talentix-ek egin duen idazkari, diruzain eta aparejadorearen lanpostuen azterketa eta balorazioa da. Aurrekontu hauek txosten horretan azaltzen diren ordainsari eta osagarrien eguneratzea jasotzen dute. Modu honetan 2018an abiatutako ziklo bat itxiko dute eta udal-lanpostu guztien osagarriak eguneratuak geldituko dira.

Sarreren atalean aipatu behar da tasarik ez duela igoko Udalak. Horrela erabaki dute pandemiaren eraginez herritarren egoera ekonomikoa kaltetua izan delako.

Nafarroako Gobernuko Toki-Ogasunen Funtsa, hau da udalei banatzen zaien dirua, diru sarrera garrantzitsua da. %1,3an igoko da. Udal finantziazioa hobetuko du honek eta aurten 867.764,32 euro espero dituzte.

Dirulaguntzak nahitaezkoak

Inbertsioei aitzin egiteko nahitaezkoak ditu dirulaguntzak Berako Udalak. Bi iturri izanen dituzte bereziki. Alde batetik, Covid-19 pandemiari aurre egiteko Nafarroako Gobernutik jasotako 167.000 euro. Diru honen zati bat, 57.000 euro haur eskola, musika eskola, kirol instalakuntzak, zahar etxea, eta toki ekonomia garatzeko jardueretan erabiliko da. Bertze zati bat, 110.000 euro ondorengo ataletan: energia-efizientzia, mugikortasuna, azpiegituren hobekuntza eta ur-efizientzia.

Bertzetik, Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk sinatutako aurrekontu akordioan, Toki Ona Institutuko patioan estalpea egiteko 420.000 euro aurreikusi dituzte, eta Porttu interpretazio zentroaren proiektuarekin jarraitzeko 64.000 euro.

Baserrietako pistak moldatzeko dirulaguntzak ere eskatu dituzte Nafarroako Gobernuan. 35.000 euroko diru sarrera espero dute eta mendietako lanetarako 70.000 euro.

Musika eskolaren kasuan Nafarroako Gobernuaren aldetik finantziazioa hagitz eskasa da, azken urtean igoera txiki bat izan duen arren. Hasiera batean %33ko dirulaguntza aurreikusia zuten baina, gaur egun, %17 ingurukoa da gobernutik jasotzen dutena. Udalak ahalegin handia egiten du musika eskolaren bideragarritasun ekonomikoan.

«Berako Udalak urtero lan eskerga egiten du dirulaguntza eskaerak prestatu eta jasotzeko eta, horri esker, inbertsio mailari eutsi diezaiokegu, banketxeei mailegurik eskatu gabe eta herritarrak sobera estutu gabe. Honek administrazio lan handia eskatzen du baina bertze finantziazio sistemarik ez dagoen bitartean, horrela ari behar», dio Elexpuruk.

Irteeren atalean, gastu arruntak berdintsu iaz bezalatsu daude. Goian aipatutako langileen osagarrien eguneratzeak igoera txiki bat ekarri badu ere. Eskolako garbiketak indartzeko (goizez) bi langile kontratatu dituzte.

470.000 euro inbertsioetan

Inbertsiotarako 469.926,33 euro bideratu dira, iaz baino 66.362,87 euro gehiago. Eginen diren inbertsioen artean, mendi garbiketak (denera 107.532,54 euro), Idoiako pistaren moldaketa (70.000 euro), Zalaingo autobus geltokia (30.000 euro), herriko etxean zerbitzari berria (30.000 euro) eta eskolan obrak egiteko eta Matzadako kirol gunea egokitzeko 15.000na euro erabiliko dira. Inbertsioetarako transferentzien atalean, Matzada futbol zelaia berritzeko Gure Txokoarekin hitzarmena egiteko 23.000 euro bideratu dituzte. Kulturak, bestak, euskarak... azken urteetako joerari jarraituz, partidak mantendu dituzte eta, kasu batzuetan, zertxobait baita igo ere. Etxebizitzari dagokionez, proiektu garrantzitsu bat du martxan Berako Udalak Nasuvinsarekin elkarlanean, Kaxernagaineko babes ofizialeko zortzi etxebizitzen eraikuntza eta espero dute etxebizitza hauek 2021. urtean eraikiak egotea.

Mugikortasunaren aldeko apustua

Mugikortasunaren aldeko apustuarekin segitzen du Berako Udalak, «herria bere osotasunean hartuko duen plan integral bat gauzatzen ari gara oinezkoei, ezinduei eta txirrindulariei lehentasuna emanez beti. 2021ean bizikleta-bideak prestatu nahiko genituzke».

2019ko udazkenean egindako auzo batzarretako eskaerak ere mahai gainean dituzte eta, urte berri honetan ere, behar horiek asetzen segitu nahi dute. «Udala ekonomikoki sobera behartu gabe saiatuko gara ahalik eta hobekien gure aurreikuspen hauek aitzinera ateratzen, zentzuzko kudeaketa ekonomiko bat garatuz. Udalaren zorra jaisten segitu nahi dugu, baina diru-sarrerei muzin egin gabe», aipatu du alkateak.

Azkenik, aurrekontu proiektu hau proposamen bat besterik ez dela azpimarratu nahi dute. «Urtea nola joaki den aldaketak egon ahal dira diru kontuen antolakuntzan. Pandemiak markatuko digu bidea. Aldaketa eta ezusteko hauek Udalbatza osatzen dugun guztien artean adostasunetara iritsiz burutu nahiko genituzke», adierazi dute, bukatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun