Beti Gazteko neska-mutilak ariko dira Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 25a, 09:00
Bederatzi hilabeteren ondotik, berriz ere lehian sartuko dira Beti Gazteko neskak eta mutilak.

Lehenbiziko txapelak larunbat honetan jokatuko dituzte Getxon eta azkenak abenduaren 19an, Getxon

Otsailean Irlandan Munduko txapelketan parte hartu zutenetik lehiatu gabe zeuden Lesakako Beti Gazteko sokatira taldeko neska-mutilak. Azken hilabete hauetan, entrenatzeko ere nahiko lan izan dute, Covid-19ak sortutako egoeragatik. Azkeean, pixkanaka hasi dira eta asteburu honetan izanen dute lehiara itzultzeko aukera. Hain zuzen ere, Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketako lehen txapelak erabakiko dira Getxoko Fadura pilotalekuan azaroaren 28an, larunbatean 17:00etan.

Aurtengo Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketa ohikoa baino laburragoa izanen dira, bi jardunaldi eginen dira, biak Getxon.

Aipatu bezala, lehen txapelak larunbatean izanen dituzte jokoak. Emakumezkoak 260 kiloko kategorian lehiatuko dira eta Beti Gazterekin batera, Txantrea, Ibarra eta Berriozar ariko dira. Gizonezkoak, berriz, 320 kiloko kategorian ariko dira. Beti Gazterekin batera, Txantrea, Ibarra eta Antsoain ariko dira.

Bigarren eta hondarreko jardunaldia abenduaren 19an jokatuko dute leku berean. Kasu honetan, emakumeak 240 kiloko kategorian ariko dira. Beti Gazte, Txantrea, Ibarra eta Antsoain ariko dira lehian. Gizonezkoak, berriz, 300 kilotan ariko dira. Beti Gazte, Txantrea, Ibarra eta Antsoain ariko dira goma gainean.

Beraz, bi jardunalditan lau txapel banatuko dituzte. Orain ikusi beharko da ia bederatzi hilabeteko geldialdiak zer eragin duen tiralariengan, baina berriz ere goma gainean lehiatzeko gogotsu daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun